Igartubeiti ganbaran kabitzen da
Rosa Garmendia donostiarrak egindako erreprodukzioa Ezkioko Udalari eman dio Gipuzkoako Belenzaleen elkarteak. Udaletxeko ganbaran ikusgai jarri dute.
Rosa Garmendia Gipuzkoako Belenzaleen elkarteko kidea da. Igartubeiti Baserri Museoko erreplika egin du 1:10 eskalan. 2018ko otsailetik azarora bitartean egunero-egunero buru-belarri aritu zen lanean erreplika egiten. Azaroaren 27an amaitu zuenean txanpan botila bat ireki zuen, «nire lanik onena da».
2017an Gipuzkoako Foru Aldundiko atartean jartzeko jaiotza egitea proposatu zioten, «ohore handia da belenzaleen elkarteko kideontzat». Euskal jaiotza egin nahi zuen, hasieran paisaia eta baserriak egiteko asmoa izan zuen eta Igartubeitira joan zen. Urria zen, sagardoaren aroa Ezkioko baserri museoan. «Iritsi nintzenean aurrealdeek ez ninduten harritu; barrualdeak, aldiz, malkoetaraino hunkitu ninduen», dio Garmendiak. Barruko aldea erakutsi nahi zuen eta horrek erreplikaren tamaina baldintzatu zuen –2,35 metroko zabalera dauka eta 1,90 metroko sakonera–.
Aurreko ostiraleko aurkezpenean lan prozesuaren berri eman zuen. Diapositiba bidez egin zuen aurkezpena. Baserriaren erreplika poliespanez eginda dago, «gezurra dirudiela esaten dit jendeak, egur ale txiki bakar bat ere ez dagoelako».
Orain Ezkioko udaletxeko ganbaran dago Belenzaleen Elkarteak udalari eman diolako. «Abenduaren 21ean jaiotza jarri nuen aldundian eta bikote batek egileagatik galdetu zuela esan zidaten. Nire telefonoa eman zieten. Koro Gonzalez eta Xabier Mendiguren bikotea ziren, Xabier Igartubeitin jaiotakoa zen», hor hasi zen baserriaren erreplika Ezkioko ganbarara eraman duen bidea.
«Egia esateko, erreplika non gorde ez nuen elkartearen egoitza tokiz aldatu dutelako. Hori esan nienean, erreplika kultura dela eta toki bat merezi zuela esan zidaten», dio pozarren. Hala, Ezkioko Udalak interesa erakutsi zuen eta elkarteak dohaintzan eman dio Igartubeiti Baserri Museoaren erreplika. Eskertuta dago, «ezin imajinatu daiteke zeinen ongi hartu nauten, zenbateraino baloratu duten nire lana, zein toki ederrean dagoen…». Bereziki, Koro Gonzalez eta Xabier zein Iñaki Mendigurenekiko esker ona agertu du.
Garmendiak erreplikan lanean hasi aurretik gertatu zen beste pasadizo bat ekarri du gogora. Hain zuzen, Igartubeitira egin zuen lehenengo bisita hartakoa, «guraso gazte talde bat zegoen kirikoketan. Aldapeko abestia kantatzen ari ziren, sumilekin txalaparta jotzen, sagarra zapaltzeko dolarea martxan jarri eta baserriaren egitura guztiak kraska egiten zuen bitartean. Une hura izan zen honen denaren hasiera. Ezin da gehiago eskatu, ezta?». Garmendia pozik dago jaso duen harrerarekin eta oso pozik bere obra kokatu duen tokiarekin.