Josu Aztiria Urtaran izango da EH Bilduren Zumarragako hautagaia
Zumarragako EH Bilduren asanbladak Josu Aztiria izendatu du udal hauteskundeetarako zerrendaburu.
Zumarragako EH Bilduren asanbladak Josu Aztiria Urtaran izendatu du maiatzeko udal hauteskundeetarako alkategai.
Aztiria zumarragarra da eta 41 urte ditu. Humanitateak-enpresan lizentziatua da eta Enpresen Lidergo eta Zuzendaritza Aurreratuan masterra du. Bere ibilbide profesionala ekonomia sozialarekin eta euskararen garapenarekin lotutako enpresetan garatu du, kudeatzaile bezala.
12 urte daramatza zientzia, teknologia eta euskararekin lotutako fundazio batean, adimen artifizialaren eta hizkuntza-teknologien alorreko zuzendari bezala. Euskara, gaztelania eta ingelesa dakizki.
Zintzo-Mintzo euskara elkarteko lehendakaria izan zen eta Otamotzen eta GOIERRIKO HITZAren bultzatzailea. Azkenaldian ekonomia sozial eta solidarioko proiektuak sustatzen dabil: Goiener, Fiare… Musikan eta kulturgintzan ere aritzen da.
Ilusioarekin eta konbentzimendu osoz heldu dio erronkari. «Osatzen ari garen taldea oso indartsua da eta herri honek dituen erronkei erantzun egokiak emateko oso prestatuta ikusten dut».