Aldundiak Itsasori buruzko kasazio errekurtsoa aurkeztu ahalko du
Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra aurkeztu zuen errekurtsoa
Itsaso eta Ezkio 2017ko urtarrilaren 13an bereizi ziren eta Gipuzkoako Foru Aldundia banaketaren bermea izan zen. Alabaina, Espainiako Toki Erakundeen Erregistroan inskribatu zedila ukatu zioten, eta ukapen haren kontra auzi errekurtsoa aurkeztu zuen aldundiak. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak errekurtsoa ezetsi zuen eta aldundiak kasazio errekurtsoa aurkeztu zuen epai horren kontra, hau da, epai hori bertan behera geratzeari bide emango zion errekurtsoa. Auzitegi Gorenera iritsi zen auzia eta orain onartu egin du aldundiak aurkeztutako kasazio errekurtsoa. Hala, aldundiak errekurtsoa aurkeztu ahal du 30 eguneko epean; aurkeztu, garatu eta edukiak zein argudioak agertuko ditu bide batez.
Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak irakurketa positiboa egin du autoaren inguruan eta esan du, «ziurtasun eta irmotasun osoz jarraituko dugu defendatzen Diputa- tuen Kontseiluaren erabakia». Aldundiarentzat, halaber, Itsasok «Gipuzkoako 89. udalerria izaten jarraitzen du eta, horrenbestez, foru erakundearen babes legala eta administratiboa izaten jarraituko du». Are gehiago, bozeramaileak erantsi du, «babes berezia eskainiko diegu alkateari eta auzotarrei, udal eta udalerri gisa finkatzeko egiten ari diren urrats eta izapide guztietan laguntzeko zein biztanleen zerbitzuak eta bizitza kalitatea bermatzeko».
Gorka Sasieta Itsasoko alkateak ere kasazio errekurtsoa onartu izanaren balorazio positiboa egin du, «albiste ona da bertan behera geratzeko aukera bazegoelako. Aldundiak eman digun babesa eta agertu duen konpromiso garrantzitsua da guretzat».
Bihar herri batzarra
Gaur-gaurkoz Itsaso udalerriaren auzia behin betiko argitu dadin beste auzi bat dago paraleloan epaitegietan; hain justu, herri sorreraren dekretua Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain dago.
Bien bitartean, maiatzeko udal hauteskundeetan Ezkio-Itsaso udalerri bakar gisa hartuko dute aintzat. Aitzitik, Itsason bihar herri batzarra egingo dute eta bertan hauteskundeetarako udal taldea osatzeko prozedura zein izango den erabakiko dute.