Bertako bertsoz, aspaldiko partez
Joxe Migel Iztueta 'Lazkao Txiki' gogoratuko dute igandean Lazkaon, hil zela 26 urte bete direnean. Musikaz, dantzaz eta bertsoz osatuko dute ekitaldia. Bertsolariaren izeneko Zelaian ospatuko dute oroimen festatxoa.
Herenegun bete ziren 26 urte Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria hil zela. Iaz, 25. urteurrenean saio bereziekin oroitu ondoren, ohiko formatura itzuliko da aurten Lazkao Txiki Gogoan ekitaldia. Igandean 12:30ean egingo dute oroitzeko ekitaldia, Zelaian; eguraldi euritsua bada, plazako frontoian.
Betiko modura, Oin-Arin dantza taldeak eta Lazkao Txiki Musika Eskolak parte hartuko dute, Agurra eta erromeria dantzatuz batzuek, koru, talde eta tresna ugarirekin doinuak aireratuz besteek. Salda ere banatuko diete Gerriko kultur elkarte antolatzailekoek, bertaratzen direnei.
Berritasun aipagarria, ordea, bertsoak izango dira. Presentzia beti izaten badute ere, aurten, aspaldiko partez, herriko bertso eskolan dabiltzan harrobiko bertsolarigaiek kantatutakoak izango dira. Bi haur talde dabiltza Goierriko Bertso Eskolaren klaseetan Lazkaon, Aratz Igartzabal maisu dutela.
Bertso afaria gaur Lartxain
Lazkao Txikiren omenaldiaren beste zutabea, bertso-afaria, gaur egingo dute, Lazkaomendiko Lartxai elkartean. Afaltzen 20:30ean hasiko dira. 40-45 bat lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan. Izena emanda egon behar da, aurretik.
Bertso saioa ondoren egingo dute Maddalen Artzallus lapurtarrak eta Miren Amuriza bizkaitarrak. Bertsoak entzutera joan nahi duenak Lartxai elkarteko sarrera libre izango du.