Etxean ariko dira
Aurtengo Euskal Herriko Itzulia Zumarragan hasiko da, astelehenean. Lau goierritarrek parte hartuko dute: Alex Aranburuk, Gorka eta Ion Izagirre anaiek eta Gari Bravok. Xabier Muriel kirol zuzendaria ere bertan izango da.
Aurtengo Euskal Herriko Itzulia Zumarragan hasiko da, datorren astelehenean. Hilaren 13an bukatuko da, Eibarren. Lehen etapa 11,3 kilometroko erlojuaren aurkakoa izango da. Txirrindulariak Secundino Esnaola kaletik abiatuko dira. Aparizio auzora joango dira, errotondatik Euskal Herria hiribidera igoko dira, Eitzatik Santa Lutziko errotondara jaitsiko dira, han buelta emango dute, Eitzatik Antiora igoko dira, herrira jaitsiko dira, Okendo kaleko errotondatik saihesbidera irtengo dira eta Ipintzatik plazara joango dira. Lau goierritarrek parte hartuko dute: Alex Aranburu ezkiotarrak, Gorka eta Ion Izagirre ormaiztegiarrek eta Gari Bravo lazkaotarrak. Gainera, Xabier Muriel kirol zuzendari zaldibiarra Euskadi Basque Country-Murias taldearen autoetako batean joango da.
«Lehen etapa Alaphilippe eta Izagirre anaientzat oso egokia da»
ALEX ARANBURU
Txirrindulari ezkiotarra
Alex Aranburu Antiotik oso gertu bizi da eta ilusio handia egiten zion aurtengo Euskal Herriko Itzulian parte hartzeak. Lesio bat izan du, ordea, eta martxo amaierara arte ez du lehiatzerik izan. Coppi-Bartali proban estreinatu da. Ez zuen argi Itzulian parte hartuko zuen edo ez, baina bere taldeko hiru kide minduta daude eta parte hartzeko eskatu diote.
Lasterketa etxe ondotik aterako denez, baiezkoa eman du. Taldekideei laguntzen eta animoez gozatzen saiatuko da. «Gure liderrak Lastra eta Amezketa izango dira. Lehen eguna hunkigarria izango da, senitartekoak eta lagunak bertan egongo baitira. Etapa gogorra izango da. Alaphilippe eta Izagirretarrentzat egokia. Nik ez dut erabaki oraindik etapa osoa erlojuaren aurkako bizikletarekin egin edo bizikleta aldatu. Onenek erlojuaren aurkakoarekin egingo dute etapa guztia».
Egun guztiak gogorrak izango direla dio. «Nire ustez, faboritoak Alaphilppe eta Ion Izagirre dira».
«Azken etapa Paris-Niza lasterketako amaieraren modukoa da»
GORKA IZAGIRRE
Txirrindulari ormaiztegiarra
Gorka Izagirreri ere ilusio handia egiten dio lehen etapa Zumarragan izateak. «Sekulako giroa egongo da eta egun polita eta berezia izango da». Ibilbidea ez zaio asko gustatzen, ordea. «Niretzako ez da txarra, baina Eitza jaisteko eta igotzeko bide bera erabiltzea ez zait gustatzen».
Bere ustez, etapa sasoi betean dagoen norbaitek irabaziko du. «Ez da derrigor erlojupekoetan espezialista izan behar etapa irabazteko, oso gogorra baita. Aldeak egongo dira. Nik erlojupekoetan erabiltzen dudan bizikletarekin egingo dut etapa guztia».
Gainontzeko etapei dagokienez, azken bi etapen gogortasuna azpimarratu du. «Azken eguna Paris-Nizako azken etaparen modukoa da. Nire ustez asmatu egin dute eta jokoa emango du. Erlojupekoa eta Arrateko etapa garrantzitsuak izango dira, baina azken etapak azken saiakera egiteko aukera ematen du».
Astanak oso talde indartsua izango du. «Ahal dugun talde onenarekin azalduko gara. Erlojupekoaren ondoren ikusiko da hartu beharreko jarrera».
«Talde indartsua dugu eta ardura hartzeak ez digu beldurrik ematen»
ION IZAGIRRE
Txirrindulari ormaiztegiarra
Ion Izagirre faborito nagusietako bat da, bere anaiarekin batera. Aurtengo Euskal Herriko Itzuliaren ibilbideak ez du txunditu. «Ondo dago. Ez dago beste munduko gauzarik. Erlojuaren aurkakoa lehen egunean izatea da aldaketa bakarra. Euria iragarri dute eta arriskutsua izango da. Lehen egunean jada aldeak egongo dira. Bigarren etapako lur pista eta azken etapako hormigoizko pista ez dira erabakigarriak izango», aipatu du ormaiztegiarrak.
Ez du erabaki oraindik erlojupekoan bizikleta aldatu edo ez. «Eguraldiaren eta sentsazioen arabera izango da. Bustia badago, aldatu egingo dudala pentsatzen dut».
Faboritoei dagokienez, zerrenda luzea aipatu du: Alaphilippe, Kwiatkowski, Thomas, Quintana, Landa, Yates… Erlojupekoa irabazteko faboritoa Kwiatkowski dela uste du.
Mundu guztiak bera ere faboritotzat jotzen du eta ez dio ardurari izkin egiten. «Gure helburua irabaztea da. Talde indartsua dugu eta ez dugu ardura hartzeko beldurrik», amaitu du Izagirrek.
«Erlojupekoa sailkapen nagusiko gizonetako batek irabaziko du»
GARI BRAVO
Txirrindulari lazkaotarra
Bravori ibilbidea «ikusgarria eta gogorra» iruditzen zaio. «Erlojupekoa eta azken bi etapak oso gogorrak dira».
Zumarragako erlojupekoa sailkapen nagusiko gizonetako batek irabaziko duela uste du: Izagirretarrak, Roglic (etortzen bada), Alaphilippe… «Motza eta esplosiboa izatea ondo datorkit, ez bainaiz espezialista. Aldapa hasieran bizikleta aldatzeko asmoa dut. Antion gora eta behera bizikleta arruntarekin hobeto moldatuko naiz».
Bigarren etapa ere berezia izango da berarentzat, bere etxe aurretik pasako baita. Etapa erabakigarriak, berriz, azken biak izango dira. Bravoren ustez, Roglic, Alaphilippe eta Izagirretarrak dira faborito nagusiak.
«Primoz Roglic etortzen ez bada, Ion Izagirre da faborito nagusia»
XABIER MURIEL
Kirol zuzendari zaldibiarra
Muriel Euskadi Basque Country-Murias taldeko kirol zuzendaria da. Lehen etapa sailkapen nagusia borrokatuko dutenetako batek irabaziko duela uste du. «Gure liderrak Oscar Rodriguez eta Gari Bravo dira». Bere taldeko txirrindulariek bizikletak aldatuko dituztela uste du. «Beste batzuek erlojuaren aurkako bizikleta oso arinak dituzte eta horiek ez dute aldatu beharrik izango».
Erlojupekoa irabazteko, Ion Izagirre ikusten du faborito. «Lasterketa etxean da, igoera bat du… Roglic etortzen ez bada, bera da faboritoa. Nagusirako, Astana eta Mitchelton taldeen arteko borroka ikusten dut, Roglic etortzen ez bada. Gu etapa bat irabazten saiatuko gara».