Gorka Hermosak eta Legazpiko Musika Bandak elkarrekin joko dute igandean
Kontzertua parrokian izango da. Hermosak sortutako hiru pieza joko dituzte bandak eta soinujoleak. Bihar Santikutz abesbatzak Aste Santuaren bueltan egin ohi duen emanaldia eskainiko du
Bi hitzordu dituzte asteburuan Legazpiko musika zaleek. Bihar Santikutz abesbatzak Aste Santuko kontzertua egingo du parrokian eta etzi Legazpiko Musika Bandak udaberrikoa, gonbidatu berezi batekin. Izan ere, Gorka Hermosa soinujole urretxuarrak joko du Legazpiko bandarekin.
Hermosak eta bandak elkarrekin egingo duten kontzertuaren muinean Jesus Castillejo bandaren zuzendariaren eta soinujole urretxuarraren arteko harremana dago. Hermosak kontatu duenez, «Jesusek eta biok musika ikasi genuen Secundino Esnaola musika eskolan Zumarragako jubilatuen egoitza dagoen eraikinean zegoenean, eta orduz geroztik oso harreman ona izan dugu». Castillejok antzera kontatu du, «lagunak gara aspaldidanik». Bandarekin jotzeko partitura batzuk tarteko, elkarrekin zer edo zer egitea erabaki zuten. Legazpi Bandarekin jotzeaz gain, aurten Urretxuko Iparragirre Balerdi tailerrarekin ere joko du. Legazpin Hermosak joko duen pieza sorta 4 dances from Iberia bildumaren barruan dago, eta Urretxuko musika taldearekin joko duena Neotango Concerto sortan.
Ahalegin berezia
Legazpin etzi egingo duten kontzertuaren lehenengo zatian bandak joko du bakarrik. «Bidaia egingo dugu Andaluziako eta Galiziako piezak joz, baita Amerikako Estatu Batuetako bat ere», azaldu du Castillejok. Gero Hermosarekin batera joko duten zatia egingo dute. «Guretzat banda gisa oso ariketa interesgarria da. Gorka puntan dabilen soinujolea da, erreferentea», dio Castillejok.
Kontzertua prestatzen lan eta lan ibili dira bandako kideak, «partiturak gure kasa prestatu ditugu, astero egiten ditugun entseguak bikoiztu egin ditugu. Musikariak etxera eraman dituzte partiturak ikasteko, zeren azkenaldian nahiko lanpetuta baikabiltza». Legazpi Musika Bandak lan asko duela esaterakoan Zumarragako Bandarekin batera egin berri duten alardeaz ari da, baita bihar bertan Andoainen dagoen alardean izango duten partaidetzaz ere, «Debako bandarekin eta Andoaingoarekin batera arituko gara eta alardeak lehiaketa txiki bat ere hartzen du». Festak ere badatozela gogoratu du banda zuzendariak, «a tope gabiltza, baina guai».
Gaurko kontzertuan Santikutz abesbatza, Marian Lasak zuzenduko du. Kontzertua parrokian izango da 20:00etan, eta koruaren udaberriko bigarren kontzertua da. Bandarena igandean da, 19:00etan, parrokian.