Hasiera besterik ez da
Ordiziako San Bartolome ermitan eta inguruan egindako indusketen emaitzak aurkeztu dituzte. Laugarren tenplu bat egon zenaren hipotesia dago bertan aurkitutako hezurrengatik
Ordiziaren historia berridazteko moduko datuak aurkeztu zituzten atzo Gure Iraganako Nerea Iraolak eta David Canok, eta haiekin batera lanean aritu den Josu Etxezarraga arkeologo eta historialariak. 2018ko abenduan, San Bartolome ermitan Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrena baliatuz egindako lan arkeologikoen lehendabiziko emaitzak ordiziarrekin partekatu zituzten, eta behin laginen radio-karbono bidezko datazioen emaitzak jasotakoan, haien berri ere emango zutela zin egin zuten. Orain, emaitzak aurkezteko unea iritsi da.
San Bartolome auzoak bazuen ondo ezagutzen ez zen historia bat atzean. Hipotesiek zioten, hiribilduaren aurretik ere han bazegoela asentamentu bat, eta Ordizia han hazi zela diote askok. Gure Iraganako kideek, hipotesiei forma eman nahian, ikerketa luzea egin dute eta esan daiteke, hau hasi baino ez dela egin.
Hau guztia 2015. urtean Gure Iragana taldeak Victor Mendizabal beka irabaztearekin batera hasi zen. «Ordiziako historia hausnartzeko proiektu bat mahai gainean jarri, eta segituan konturatu ginen urte batzuetatik aurrera ez zegoela dokumentazio nahikorik, nahiz eta aurkitutakoak San Bartolome auzoan kokatzen zuen Ordiziaren hasiera», adierazi zuen David Canok atzo egindako aurkezpenean.
2017an Josu Etxezarraga ezagutzeko aukera izan zuten. Etxezarragak 2012an doktoretza tesia egiteko indusketak eginda zeuden San Batolomeko ermitan, haren jatorria ezagutzeko asmoarekin. Indarrak batu eta batera aritu dira azken ikerketa honetan.
Hiru tenpluen teoria
Iazko urrian ekin zioten San Bartolomeko lan arkeologikoei, Etxezarraga eta Ander Arreseren gidaritzapean. Abenduan jada aurreratu zuten hiru tenpluen teoria baieztatu zitekeela. Gaur egun San Bartolomen dagoen ermita XIX. mendekoa da. Horren aurretik zegoena, XVI. mendekoa, eta hirugarren bat ere bazegoela aurreikusi zuten ikertzaileek. Hiruetatik zaharrena zein urtetakoa den zehaztea zen ikerketaren helburuetako bat.
Indusketetan jasotako laginak Miamiko laborategi batera bidali, eta emaitzek bi urte tarte eman dituzte: 1280-1326 eta 1343-1394. Data horiek esan nahi dutena da gaur-gaurkoz San Bartolomen dagoen ermitaren aurretik beste bi egon zirela, eta zaharrena urte tarte horietakoa dela.
Datuak «oso garrantzitsuak» direla esan zuen Nerea Iraolak, izan ere, Ordiziako hiribildua 1268. urtekoa da eta karbonoaren probak, hiribilduaren urteetan ermita bazegoela baieztatzera eramaten dituelako.
Baina atzoko aurkezpenean hori baino datu interesgarriagoa ere eman zuten: «Laugarren tenplu bat ere izan zenaren hipotesia dugu». Izan ere, ermitaren barruko aldean egindako indusketan, kanpaiak egiteko labe bat aurkitu zuten. Haren azpian, hainbat giza hezur aurkitu zituzten eta horiek ere, Miamira bidali zituzten koarbonoaren proba egin eta noizkoak diren zehazteko.
Nerea Iraolak oso emozionatuta esan zuen «1117-1222 urteen artean hildako gizon edo emakume baten hezurrak» direla. Horren arabera, tenplu zaharrenaren aurretik «beste tenplu bat izan zela pentsatzen dugu».
Ikerketa zabalik
Aurkeztutako datuek «ikerketa bidea zabaltzen» dutela esan zuten ikertzaileek. Hiru tenpluen hipotesia baieztatu ahal izan dute, baina azkenean espero ez zuten bidea ireki da eta «horri tira egitea da asmoa». Izan ere, Etxezarragak aurreratu bezala, «laugarren eta bosgarren tenplu bat ere egon daiteke bertan».
Momentuz, doktoretza egiten ari dira Gure Iraganakoak. Horregatik, 2020. urterako utziko dituzte San Bartolomen berriro indusketa lanak egitea.