«Elkarbizitza orekatua» aldarrikatu dute, Ordiziako ikastetxe publikoek deituta
Ordiziako Eskola Publikoko Komunitateak deituta, dozenaka lagun bildu dira Urdaneta ikastetxearen atarian, “elkarbizitza eta eskolaratze orekatuaren alde”.
Ordiziako ikastetxe publikoaren eta itunpeko ikastola pribatuaren artean gertatzen den “ikasle banaketaren desoreka eta matrikulazio aldian izandako lege urratzearen haritik”, Ordiziako Eskola Publikoko Komunitateak Ordiziako “elkarbizitza eta eskolaratze orekatuaren aldeko kontzentrazioa” egin du gaur, Urdaneta ikastetxearen kanpoko aldean. Hezkuntza Sailari eskatu diote, “eskoletan eta herrian bizi den desoreka hori bideratu dezatela”, hartutako erabakiek “desberdintasunak areagotzen dituztelako”. Bestalde, Ordiziako agintari, eragile eta herritarrei “aniztasuna modu egokian kudeatzeko beraien esku dagoen guztia egin dezatela” eskatu diete.