Goierri zeharkatuta, Ataunen agurtu du Itzuliak Goierri
Itzuliko bigarren etapak 42,3 kilometro egin ditu Goierrin barrena. Zumarragatik abiatuta, Olaberria eta Lizarrustiko gainak igo dituzte. Bravo ihes egindako taldean doa.
Aitzin etapa Zumarragan egin eta gero, Euskal Herriko Itzuliak esan dio agur eskualdeari. Aurretik ordea, Goierri aldenik alde zeharkatu dute txirrindulariek. Izan ere, bigarren etapak, Zumarraga eta Gorraiz (Nafarroa) artekoak, 42,3 kilometro egin ditu Goierriko errepideetan barrena.
Zumarragatik atera, Atagoititik barrena Ormaiztegira etorri, eta handik Olaberriara igo dira; gero Lazkaora jaitsi, Ataun zeharkatu eta Lizarrusti igota, Sakana aldera joan da tropela. Lehen saiakeren lekuko ere izan da Goierri; Gari Bravo lazkaotarra ihes eginda pasa da bere herriko kaleetan, Atapuma eta Bernard-ekin batera. Bi minutuko tartea atera diote tropelari, nahiz eta alde hori pixkanaka txikitzen ari den.