Aro berriak, betiko esentzia
Potrotaino punk talde mitiko ordiziarrak 'The invasion' disko berria kaleratu du. Martxoaren 29an egin zuten aurkezpenaren lehen kontzertua eta aurreragorako ere beste hainbat data dituzte itxita.
Urte oso gogorrak izan ziren 1980. hamarkadakoak eta asko eta asko izan ziren gizartean gertatzen ari zenaren kontra oihu egiteko sortutako musika taldeak. Gizartearen barru-barruko haserreak nolabait ateratzeko modua izan zen.
Urte haietan sortutakoa da Potrotaino talde ordiziarra; 1980. hamarkada zen eta Alfonso Barreiro Txapu (kitarra eta ahotsa) eta Migel (bateria) izan ziren sortzaileak. Policia fascista, Ricos poderosos eta Disturbios sociales kantak sortu zituzten, besteak beste. Handik gutxira, Txapuren anaia Pedro (baxua) eta Toño (ahotsa) sartu ziren.
Taldeko lehenengo aldaketa nabarmena 1986an gertatu zen. Migelek taldea utzi eta Antonek bete zuen haren tokia, Delirium Tremens-eko bateria izandakoak.Toñok ere taldea itzi zuen soldaduska egiteko. Hori horrela, Pedrok, baxua jotzeaz gain, abestu ere egin zuen handik aurrera.
Lehenengo maketa, Angel Gonzalez Katarainekin grabatu zuten 1987an, Hasta los Cojones izenburupean. Lan horretan biltzen dira taldearen abesti mitikoenetako batzuk.
‘The invasion’
Beste hainbat taldekide izan eta hainbat lan kaleratu ditu Potrotainok harrezkero. Azkena, The invasion izenburupean, Altsasuko Itxura estudioan grabatutakoa da. Potrotainoren sortzaileetako bat den Txapuk taldean jarraitzen du, eta berarekin batera Urko Ruiz de Apodaka (baxua eta koroak) eta Luken Mendiguren (bateria) daude.
The invasion izena, diskoko abesti batek ere izenburu bera duelako jarri diote. Bederatzi abesti daude guztira eta «gaur egungo gaiak» lantzen dituzte horietan, «gizarte gaiak batez ere», argitu du betiko taldekide Txapuk. Emakumeen kontrako eraso sexistak, Altsasuko gazteen egoera, droga menpekotasuna edo presoen gaia dira, besteak beste, gaur egungo Potrotaino taldeak abestietan lantzen dituenak. Txapuk idatzi ditu letrak eta Txapu eta Urkoren artean konposatu dute musika. Taldekide berriak ditu Potrotainok, «baina maketak grabatu genituen garaiko doinuak» ekartzen dituzte gogora abesti berriekin.
Diskoa salgai dago Ordiziako Orlegi tabernan, Legazpiko Karibe Zaharra tabernan, Tolosako Arima Tattoon eta Bilboko DDT Banaketak-en.
Aurkezpen bira
Tolosako Bonberenea Gaztetxean aurkeztu zuen Potrotainok The invasion disko berria pasa den martxoaren 29an. Oholtza gainera igo gabe denbora bat pasa ondoren, «urduritasun pixka batekin, baina gogo handiarekin» bueltatu da Txapu. Jarraitzaile leialak dituzte, eta «ederki joan zen kontzertua». Belaunaldi oso desberdinetako entzuleak izan zituzten: «Potrotainoren betiko eta gaurko jarraitzaleak bildu ziren».
Tolosara joateko aukerarik izan ez zutenentzat hurrengo kontzertua etzi, ostirala, izango da. Distorsion taldearekin batera joko dute, haren 30. urteurrenagatik. 21:00etan izango da Zorrotzako Gaztetxean, Bilbon. Hurrengo kontzertua maiatzaren 24an izango da, Madrilen.