Ataunen 100 urte atzera
Baserrien eta parajeen argazki erakusketa zabalduko dute gaur. Mende bateko aldearekin, herria nola aldatu den ikusiko da. Joan Arinen irudi zaharrak kultura elkarteek berritu dituzte
Ataungo herriaren historia eta etnografia jasotzeko lankidetza tratuaren barruan, Arantzadi zientzia elkarteak Joan Arin Dorrontsororen lan bat berritzen ari da, liburu eran ateratzeko. Antropologo ataundarrak XX. mendearen lehen erdian bildutako ondarea aurkeztuko du lanak, baserrietan zentratuta. Ataungo baserri guztien informazioa jaso zuen Arinek.
Bien bitartean, Ataungo kultura elkarteek eta udalak erakusketa bat prestatu dute, Arinen materialaren zati batekin: Baserria Ataunen lehen eta orain. Gaur zabalduko dute, udaletxean. Uda aurretik, Aian eta San Gregorion ere jarriko dute.
Argazki guztiak berriro
Arin familiarekin elkarlanean, Atauniker, Haitzarri eta Murkondo elkarteek atondu dute erakusketako funtsa. Argazkiekin osatu dute, erabat. Joan Arinek berak ateratako baserri eta paisaia batzuen argazkien ondoan, gaur egun leku beretik ateratakoak jarri dizkiote alboan. Ataungo herriak eta baserriek ehun urtean jasan duten aldaketaz jabetzea da helburua.
Arinek 1923an atera zituen argazki gehienak, 1930 arte. Orain, elkarteen artean udalerria banatu dute, irudiak birsortzeko: Murkondok San Gregorio eta Aitzarte atera ditu, Haitzarrik Aia, eta Ataunikerrek San Martin.