Kantatzen hastera doaz
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurre kanporaketak egingo dituzte maiatzean. Goierriko hamabost bertsolarik parte hartuko dute. Hamabi saiotatik bi, eskualdean jokatuko dira
Lau urtez behingo zitari eutsita, udazkenean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Aurrez ordea, Gipuzkoa Bertsotan, txapelketarako sailkapen fasea jokatuko dute. Maiatzaren 4tik 25era, 14 saio egingo dituzte, eta guztira, 84 bertsolarik parte hartuko dute kanporaketetan; horietatik 34 pasako dira irailean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara.
Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen arabera, Gipuzkoa Bertsotan «sailkapen fase bat baino gehiago» da. Izan ere, «Gipuzkoan bertsolaritzak bizi duen osasunaren isla» dela diote, «bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan zein lehiaketa eta sariketetan bizi dugun emankortasunaren erakuslea». Izan ere, parte hartuko duen bertsolari kopuruari, antolaketan ariko den jendea, 15 gai jartzaile, 18 epaile eta 3 idazkari ere gehitu behar zaizkio.
Hamabost goierritar lehian
Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean parte hartuko duten 84 bertsolarien artean 15 goierritar daude. Bertsolari guztiak bi multzotan banatu dituzte, eta talde bakoitzeko zazpina saio jokatuko dituzte. Multzo bakoitzean puntuazio altuena duten 17 bertsolariak pasako dira Gipuzkoako Txapelketara.
Hamalau saioetatik bi Goierrin egingo dituzte, maiatzaren 4an Idiazabalen, eta 19an Legorretan. Saio guztiak 17:00etan izango dira; sarrerak 7 euroan salduko dituzte (5 bazkideentzat eta 16 urtez azpikoentzat).
Gipuzkoa Bertsotan:Goierriko bertsolariak· A taldea. Mikel Iturriotz, Odei Lopez, Maddi Aiestaran, German Urteaga, Gorka Maiz, Iban Urdangarin, Eneko Araiztegi, Antton Fernandez, Beñat Torres eta Amaia Iturriotz.· B taldea. Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Endika Igartzabal, Maialen Akizu eta Mikel Tapia.Kanporaketak· Maiatzak 4. Asteasu / Idiazabal.· Maiatzak 5. Anoeta / Orio.· Maiatzak 11. Mutriku / Berastegi.· Maiatzak 12. Altzo / Lezo.· Maiatzak 18. Zizurkil / Aretxabaleta.· Maiatzak 19. Errezil / Legorreta.