Alzheimerra edo galera kognitiboa dutenentzat tailerra, Ordizian
Apirilaren 29an ekingo diote tailerrari eta giza funtzioak indartzeko eta mantentzeko balioko du. Talde murriztua egingo dute, arreta pertsonalizatua emateko asmoz
Alzheimer gaixotasuna, dementzia sindromea edo galera kognitibo arina duten goierritarrentzat estimulazio kognitiborako tailerra antolatu dute Ordizian, udalaren eta Afagiren (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea) ekimenez. Hilaren 29an egingo dute lehenengo saioa eta izena emateko epea irekita dago. Hala jakinarazi zuten atzo prentsaurrean Iñaki Dubreuil zinegotziak eta Koldo Aulestia Afagiren presidenteak.
Aulestiak esan bezala, «galdutakoa berreskuratzea zaila da, baina gaitzak okerrera ez egiteko ariketa egin daiteke». Hori horrela, alzheimerraren, galera kognitiboaren edo beste dementzia sindrome baten hasierako fasean dauden pertsonei zuzendu zitzaien.
Honako funtzioak indartzeko eta mantentzeko balioko dute saioek: oroimena, lengoaia, arreta, orientazioa, garbiketa pertsonala, elikadura, diruaren erabilera, telefonoaren erabilera, laguntza eskatzea eta interakzioak eta harreman sozialak, beste batzuen artean.
Izen-emateak
Talde murriztua izango da modu pertsonalizatuan lan egin ahal izateko. Astelehen eta asteazkenetan izango dira saioak Zuhaiztin. Informazio gehiago Gizarte Ongizatearen bulegoan, 943 80 5610ra deituta edo gizartehezitzailea@ordizia.eus epostara idatzita eskuratu daiteke.