Apirilaren 24ean egingo dute Artzain Eguna Ordizian
Aizpea Oihaneder sukaldariak moztuko du gazta berria. Erregulartasun sariak Joseba Intsausti artzainak eta Goiburu gaztandegiak jasoko dituzte
Datorren apirilaren 24an egingo dute Artzain Eguna Ordizian, 2019ko azoka berezien egutegiari hasiera emanez. Gaur goizean egin dute aurkezpena Foru Aldundian, Donostian. Beste behin ere artzainak eta gazta izango dira protagonistak egun horretan. Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpena egingo dute eta Aizpea Oihaneder, Donostiako Xarma Cook & Culture jatetxeko sukaldariak moztuko du gazta berria. Gainera, 2018ko Erregulartasun kalitate sariak emango dituzte Joseba Insaustik (Ordizia) Otatza gaztarekin eta Goiburu gaztandegiak (Idiazabal).
Garai batean bezala Ordiziako kaleak zeharkatuko dituzte artaldeek, transhumantzia birgogoratuz. 2.000 ardi baino gehiago pasako dira herri barrutik. 11:00etan izango da hori. Jarraian, Idiazabal gaztaren denboraldi berriari hasiera eman eta gazta berria ebakiko du Aizpea Oihaneder sukaldariak. Omenaldietarako tartea ere egongo da. Batetik, Jakitea elkartea omenduko dute, Idiazabal gaztaren alde egindako lanagatik. Bestetik, Joseba Insausti artzain ordiziarrak eta Idiazabalgo Goiburu gaztandegiak erregulartasun sariak jasoko dituzte.
Horrez gain, goizean, Garagartza plazan, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa, lehiaketa eta salmenta egingo da. Toki berean ardien ile mozketa erakustaldia eta gazta nola egiten den ikasteko eta mamia dastatzeko aukera ere izango da. Eta Aspanogiren eskutik, Eusko Labela duten burruntzian erretako esne bildotsen dasteketa ere egingo da.
Plaza Nagusian berriz, asteroko ohiko azoka egingo dute. Gazta salmenta eta Goierriko artisautza produktuen saltokiak ere jarriko dituzte. Goiz osoan zehar, trikitilariek eta dultzaina-joleek alaituko dute herria.
Gaztandegiak gora, produkzioa behera
Ordiziako Artzain egunaren aurkezpenean, Idiazabal Jatorrizko Deituraren ordezkariak, hainbat datu eman ditu. Batetik, gaztandegien ekoizleek gora egin dutela esan du. Une honetan, 123 gaztandegi daude. Probintzien arabera ondorengoa da banaketa: 22 Araban; 16 Bizkaian; 53 Gipuzkoan; eta 32 Nafarroan.
Idiazabal gazta ekoizpenari dagokionez, azken urteotan goranzkoa zen joera baina 2018an beherako eman zen. 1.357.856 kilo Idiazabal gazta ekoiztu zituzten.