Aztiriko Sarian borobilduko da bihar Osinalderako seikotea
Goierriko bertso sariketetan hirugarrena jokatuko dute bihar, Aztiri-Bat elkartean. Sei bertsolari ariko dira lehian.
Goierriko bertso sariketen sortan hirugarrena Aztiria auzoko (Gabiria) Aztiri-Bat elkartean jokatuko da, bihar. Osinalde sarirako azken proba sailkagarria izango da, eta apirilaren 27ko finalerako seikorako falta diren bi bertsolariak aterako dira.
Bertso-afari formatuan izango da, ohikoa den bezala. Otordua 20:30ean hasiko da. Elkartea bete egingo da, eta aise saldu zituzten txartelak; 77 afaltiar izango dira. Ondoren, saioa entzuteko sarrera libre da.
Aztiriko Saria 2000. urtean hasi zen. Hogeigarren ekitaldia izango du, beraz, bihar. Honako bertsolariek kantatuko dute: Ane Peñagarikano (Zarautz, 1999), Beñat Mujika (Donostia, 1998), Joanes Illarregi (Leitza, 1999), Josune Aramendi (Markiña-Xemein, 1994), Ibai Amillategi (Gernika-Lumo, 1993) eta Peru Abarrategi (Aramaio, 1997).
Gai jartzaile Eresti Oiarbide ariko da, eta epaile lanetan Jokin Murua, Asier Iriondo eta Aratz Igartzabal. Koplen ariketan soinu eta pandero jotzaile Miren Debak eta Ander Ibargurenek lagunduko die.
Bi txartel jokoan
Ordiziako Argi-Berritik Danel Olano eta Eli Pagola, eta Zaldibiako Osinberdetik Ane Zuazubiskar eta Oier Etxeberria sailkatuta daude Osinalde Sarirako, dagoeneko. Aztiritik zein joango diren, epaileen puntuz erabakiko dute. Entzuleek, berriz, botoz izendatuko dute Aztiriko Sariaren irabazlea.
Biharko sei bertsolarietatik lau lehen aldiz dira Goierriko sariketetan. Mujika (bigarrenez) eta Abarrategi (hirugarrenez, iaz Osinaldera sartu zen) dira beteranoak. Pagola eta Etxeberria ere finalista izan ziren.













