CAFen kontratu askoren atzean, azpikontratazioak daudela salatu dute langileek
Kalitatezko enplegua sortu ezean, proiektu eta negozio-lerro berriak ez direla baliagarriak dio CAFeko enpresa batzordeak, eta zuzendaritzari, Beasaingo eta Irungo lantegien aldeko apustua egiteko eskatu diote.
Beasaingo CAF tren konpainiak lortutako kontratuak albiste izan dira azken hilabeteetan. Prentsako titularretan agertzen ez den “beste errealitate batzuk” badirela salatu dute langileek, ordea. Izan ere, CAFeko zuzendaritzak Beasain eta Irungo batzordeei jakinarazi die, 2019. urte bukaerarako ez duela “aldi baterako langile gehienen beharrik” izango. Batzordeak ordea, gogorarazi du 2016an zuzendaritzarekin lortutako hitzarmenean, urte hartan kontratatu zituzten langileetatik 178, finko egiteko konpromisoa hartu zuela enpresak 2020rako.
Enpresa batzordearen arabera, CAFek nazioartean lortutako kontratuak ekoizpen-planta berrietara bideratzen dituzte, eta lehen Gipuzkoako lantegietan egiten ziren zerbitzu asko, kanpoko enpresei azpikontratatzen ari direla salatu dute langileek. “Beasaingo CAF fabrikazio batzordeak behin eta berriro eskatu diogu enpresari kanpora ateratako hainbat lan berreskuratu ditzala; izan ere, lan horiek berehala has gaitezke egiten gure instalazioetan. Bide beretik, “enpresak hutsik dituen milaka metro koadro horiek industria erabilerarako” erabil ditzala eskatu dute, “proiektu serio bat” garatuta.
Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, maiatzean bilduko dira zuzendaritzarekin, azpikontratazioez eta lan-kargaz hitz egiteko. Bitartean, kontzentrazioak egiten ari dira langileak, CAFeko atal bakoitzean. “Proiektu berriak, planta berriak eta negozio-lerro berriak ez zaizkigu baliagarriak baldin eta gure ingurunean enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzen ez badute”. Horregatik, zuzendaritzari “Beasaingo eta Irungo fabrika matrizeen aldeko apustua” mantendu dezala eskatu diote.