Europako goitibehera gidaririk onenak Legazpin lehiatuko dira
Maldan Behera taldearen ekimenez, Europako Speeddown Kopa Legazpin jokatuko da. Apirilaren 20an eta 21ean izango da. 88 gidarik parte hartuko dute
Europako Speeddown Koparen jardunaldi bat hartuko du Legazpik apirilaren 20an eta 21ean, hau da, goitibehera edo inertzia kirolen Europako topagunea izango da eta, hala izango bada, Legazpiko Maldan Behera inertzia kirol elkarteak egindako lanagatik izango da. Europako Kopaz gain, Espainiako Koparako puntuagarria izango den proba ere egingo dute. Guztira 88 gidarik parte hartuko dutela iragarri zuten atzo, Agirre-Etxeberrin egindako agerraldian.
Speeddown-aren izaera norberak egitearekin oso lotuta dago, hots, gidariek gehienetan euren ibilgailuak asmatzen eta fabrikatzen dituzte. Hori dela eta, ibilgailurik sinpleenetik sofistikatuenera sor dezakete. Hala, Legazpin izango diren probetan ibilgailu mota ugari ikusiko dituzte zaleek. Nazioarteko Federazioak onartzen dituen ibilgailu guztiak sartu ahalko dira lehian.
Europako Kopaz gain, Espainiako Kopa jokatuko dute, non parte hartuko duten ibilgailuek ez dira Europakoan lehiatuko. Aitzitik, Europako Kopa jokatuko duten hainbatek Espainiakoan arituko dira.
Izena eman duten 88 parte hartzaileetatik erdia Europako Kopan lehiatuko da. Gaur-gaurkoz Europako irabazleak diren David Tack eta Ines Daems belgikarrak Legazpin izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Beste faborito bat ere aipatu dute, Jan Schmid suitzarra. Izena eman duten guztien artean gazteena Loïc Sels belgikarra da, zazpi urte ditu.
Aztiriko malda
Inertzia kirolak modalitate ugari dauzka. Andoni Gaztañaga euskalduna Gravity Bike atalean lehiatuko da, probarako espresuki sortu duen bizikleta batekin; Gaztañaga moto pilotua da.
Euskal Herriko Goitibehera Liga bi aldiz irabazi duten Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoa bizkaitarrek ere parte hartuko dute. Legazpiko parte hartzaileei dagokienez, Gravity Bike modalitatean Oier Aizpuru eta Gorka Langarika lehiatuko dira; biak Maldan Behera taldeko kideak dira. Inertzia kiroletan punta-puntan dabiltzan emakumeak ere bertan izango dira.
Zerain eta Legazpi lotzen dituen errepidean, Aztiriko aldapan egingo dituzte Speeddown probak.