Ondarea, esku onetan
Ormaiztegiko San Andres eskolako ikasleek ondarea zein garrantzitsua den ikasi dute Zumalakarregi Museoaren bidez. Euren ondasunak baliatuta, erakusketa egin dute tailerra borobiltzeko.
Arriskutsua da inguruko aberastasunei jaramonik egin gabe aurrera egitea, galera batzuek ez dutelako atzera bueltarik. Ondare historikoa galduz gero, berekin joango lirateke herri baten jatorria, nortasuna eta kultura. “Haurrei arrotza egiten zaie ondare kontzeptua, ez dute ongi ezagutzen zer den eta zer garrantzi duen”, biribildu du Eider Arruti Zumalakarregi museoko hezkuntza arduradunak. “Zumalakarregi museoak urtero antolatzen ditu ondarearen inguruko tailerrak San Andres eskolako 10 eta 11 urteko ikasleekin. Hainbat saioren bidez, ondareari balioa ematen ikasten dute 5. mailako ikasleek, eta eurentzat ondare diren objektuekin osatutako erakusketa bat da emaitza”.
Ostiralean zabaldu zuten ikasleen ondasunekin egindako erakusketa. “Denetik” dagoela azpimarratu du Arrutik: panpinak, pilotak, liburuak, ordulariak, hortzak… “Jostailuzko traktore bat ekarri zuen ikasle batek. Zabaldu egiten da traktorea eta txerriak, behiak, ardiak… ditu barnean. Aitonaamonek oparitu zioten traktorea, eta jolastean eurekin gogoratzen denez, ondasun hori gordetzea gustatuko litzaiokeela azaldu zuen”, oroitu da hezkuntza arduraduna. Ikasleek estimu handitan dituzten objektu pertsonalak dira pieza guztiak, altxor baten moduan gorde nahi dituzten aberastasunak. Azken finean, hori da ondarea.
Luzeagoa izan da, baina, erakusketa osatzeko bidea: “Ondasun materialak eta ez-materialak zer diren ikastea izan da lehen pausoa, eta horiek duten balioaz jabetzea. Era berean, kontserbazio teknikak ere ikasi ditugu”, azaldu du Arrutik. Argiak, hezetasunak edo hautsak kaltetu egiten ditu piezak. Urteen poderioz, baliteke piezak berreskuratze lanak behar izatea, eta hori ere museoaren ardura izaten dela azaldu du hezkuntza arduradunak.
Museoen funtzionamendua ere bertatik bertara ezagutu dute ikasleek. “Pieza baten ibilbide guztia ikusi dute. Hala, pieza bat eskuratzeko hiru bide daudela ikasi dugu; hau da, uztea, donazioa egitea edo erostea. Behin gure esku dagoenean, artxibatu egin behar izaten dela ere ikusi dugu, zenbaki bat jarri behar zaiola, ezaugarrien arabera era bateko edo besteko kontserbazio sistema behar duela…”. Funtsean, museoaren barru-barrurako jauzia egin dute ikasleek. “Gure lana nolakoa den jakinda, osatu egiten da ondasunaren inguruko ezagutza”, ondorioztatu du Arrutik.
Balorazio positiboa egin dute Zumalakarregi museoan. “Haurrek asko ikasten dute, eta oso ondo pasatzen dute. Euren inplikazioa ere erabatekoa izaten da”, zehaztu du Arrutik. “Erakusketa zabaltzean, lehenago etorri ziren asko, irrikaz baitzeuden euren ondasunak gurasoei erakusteko eta gidari lanak egiteko. Egun berezia izan zen”.
“Haurrei arrotza egiten zaie ‘ondare’ kontzeptua.
Ez dute ondo ezagutzen zer den eta zer garrantzi duen”“Haurrek asko ikasten dute museoan, eta oso ondo
pasatzen dute. Erabatekoa izaten da inplikazioa”Eider Arruti (Zumalakarregi museoko hezkuntza arduraduna)
Arrutiren arabera, museoa herrian txertatzen da halako ekintzei esker. “Nahiz eta museoa Ormaiztegi erdian dagoen, sekula barrura sartu gabe zeuden guraso asko. Semealabek prestatutako erakusketaren aitzakian, jendea erakartzea lortu genuen, eta bisita gidatu inprobisatu bat ere egin genuen”. Bitxikeria moduan kontatu du Arrutik, baina azalpen horrek ondo erakusten du haurrekin lan eginda posible dela helduengana ere iristea. “Immigrazioaren inguruko programa bat ere martxan dugu herriko ikasleekin. Askotan egiten dugu lan gaztetxoekin, bide ona baita herritarrak inplikatzeko”. Zazpi hizkuntzatan egin zituzten ondasunen aurkezpenak; hain justu, Ormaiztegin hitz egiten diren hizkuntza guztietan.
Ormaiztegiarren inplikazioa
Zumalakarregi museoak argi du “bi norabideko hartuemana” izan beharra daukala Ormaiztegirekin. Horregatik, herriaren historia gordetzeaz gain, herritarren parte hartzea sustatzen du bere eremuan. “Horretarako, aukera polita da herritarren pieza kutunak bistan jartzea, herritarrek museoa hurbileko sentitzen dutelako euren objektuak bertan ikustean”. Hala, zeharka bada ere, herritarrek museoak ez dituzte hain arrotz sentitzen eta hazi egiten da bertaratzeko ohitura.
Aurten, esaterako, berrikuntza modura, 5. eta 6. mailako ikasleek bisita gidatua egingo dute Irungo Gordailura. Txango horri esker, ondarearen inguruan gehiago sakontzeko aukera izango dute ikasleek. Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatutako Ondare Bildumen zentro nagusia da Gordailua, eta 65.000 pieza etnografiko, artistiko eta historiko dauzkate gordeta.