Korrika Goierrin (I), Legorretatik Segurara bitarteko bideoa eta argazkiak
Goizeko 5:57a baino minutu gutxi batzuk lehentxeago sartu da 21. Korrika Goierrin, Legorretako Ola aldean. Eredu kooperatibako langileak izan dira eskualdean lekukoa hartzen lehenak. Herrietan jendetza batu zaio, goiz izan arren. Ilunpetik lainopera igaro da, egunsentian, behe laino itxiak estali baitu Goierri behea. Egunak Beasainen argitu du Korrikarentzat.
10 km/h-ko abiadura —herri barruan moteltxeago—, gelditu gabe jarraitu du euskararen aldeko lasterketak aurrera. Furgoneta lehenengo martxan eramaten dute beti. Legorretatik Zeraineraino korrika egin duenik izan da. Edo Lazkaotik Segurara. Segurako plazan, San Joan egoitzako egoiliar edadetu batek eraman du lekukoa; lehentxeago, udaletxean urte askoan lan egin eta aurten erretiratuko den Mari Karmen langileak ere bai. Hamaika historia, omenaldi txiki eta aitortza. Suhiltzaileak, langileak, politikariak, irakasleak, ikasleak, kirolak, gazte taldeak… Milaka herritar eta euskaltzale. Haur, gazte, heldu eta zahar. Lazkaoko sarreran, jentilek hartu dute lekukoa, zuziek argituta. Txistulariak Ordizian kale bazterretik jotzen, Jundajo txaranga Lazkaon. Pasatu den herri guztietan, ilusioa, poza eta indarra pitzarazi ditu Korrikak. Indar handia.
[LEGORRETATIK SEGURARA ARTEKO ARGAZKIAK]