Ataun izango da Herriartekoan eskuz parte hartuko duen Goierriko herri bakarra
Eskuzkakoan azken urteetako ordezkaritzarik txikiena izango du Goierrik Herriarteko Txapelketan. Pala modalitatean, berriz, hiru talde ariko dira: Lazkao, Olaberria eta Ordizia.
Maiatzarekin batera abiatuko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta Goierrik lau talde osatu ditu aurten. Eskuzkakoan, azken urteetako ordezkaritzarik eskasena izango da, Ataun izango baita eskualdeko talde bakarra. Palazkoan berriz, hiru herritan osatu dituzte taldeak: Lazkao, Olaberria eta Ordizia.
Eskuzkakoan, maiatzaren 5 eta 12an jokatuko dituzte final hamaseirenetako kanporaketak. Ataun ordea, final zortzirenetan sartuko da lehian. Aia izango du aurkari; joaneko partidak maiatzaren 19an jokatuko dituzte, eta bueltakoak 26an.
Palari dagokionean, Goierriko hiru taldeek final laurdenetan ekingo diote lehiari, aurten 8 talde aurkeztu baitira. Ordiziak Oiartzun izango du aurkari, Lazkaok Deba eta Olaberriak Donostia. Joaneko partidak maiatzaren 12an dira, eta bueltakoak 19an.