Ez dute soilik gazta egiten
Eli Arrilaga, Eli Elgarresta, Mari Angeles Mendiguren eta Nieves Mujika artzainak eta gaztagileak dira. Haien lana batzuetan itzalean gelditzen dela diote, baina sektore parekidea dela iruditzen zaie.
Lehen sektorearen egoera ez da samurra. «Gaztak ematen ditu soilik bizimodua aurrera ateratzeko irabaziak. Ekoizten ditugun beste produktuek ez dute mozkinik ematen. Horregatik bilakatu da gazta gure jardunaren erdigunea», azaldu du Elixabete Arrillagak. «Baina gizonentzako zein emakumeentzako da egoera eskasa», zehaztu du Nieves Mujikak. Elixabet Elgarrestarekin eta Maria Angeles Mendigurenekin batera, emakumeen ikuspuntutik artzaintzaren eta gaztagintzaren egoeraz hausnartzeko Goierriko Hitza-k elkartu ditulaurak Artzai Gaztaren Idiazabalgo egoitzan, Ordizian gaur ospatzekoa den Artzain Egunaren atarian.
Elixabete Arrillaga, Elixabet Elgarresta, Maria Angeles Mendiguren eta Nieves Mujika artzainak eta gaztagileak dira. Goierrin egiten dituzte euren gaztak, etxeko baliabideekin: euren ardi latxa artalde propioa dute, beraiek jeizten dituzte ardiak, eta gaztak etxean ekoizten dituzte era tradizionalean. Ezaugarri horiei esker, beste ehun gaztagile baino gehiagorekin, Artzai Gazta elkartea osatzen dute. Horietatik dozena bat inguru dira goierritarrak.
Talde lanaren emaitza
«Sektore parekidea da», onartu dute denek. Egiari zor, Artzai Gazta elkarteko zuzendaritza batzordea gizonek eta emakumeek osatzen dute. Maria Angeles Mendigurenen hitzetan emakumeek baserrian betidanik izan dituzte ardurak: «Nagusiki zaintza lanekin irudikatzen ditugu baserritar emakumeak: baserria garbi eta txukun mantendu, jatekoa prestatu, haurrak zaindu… Hala ere,etxetik kanpoko lanak eta lan fisikoak ere egiten ditugu», nabarmendu du. «Baserrian beti dago zeregina, eta denon laguntza beharrezkoa da», gaineratu du Elixabet Elgarrestak.
Kazetariak galdetu die ea senarrak ala beraiek, nork egiten duen lan gehiago, eta Arrilagak zuzendu dio. «Kontua ez da nork egiten duen lan gehiago. Orokorrean, elkarri laguntzen diogu lanean». Normalean, senarrak artaldeaz arduratzen dira, eta emakumeak gaztagintzaz, baina banaketa horren sinple azaltzea ez dela justua diote: «Artilea moztu behar denean, arkumeak jaiotzen direnean… lan asko egoten da, eta elkarri laguntzen diogu. Baliteke senarrak ardura gehiago izatea artaldearekin, baina ez da justua esatea emakumeok artaldearekin ibiltzen ez garenik», osatu du Mujikak. «Berdina gertatzen da gazta egiterako orduan. Gaztaindegia garbi eta txukun mantendu beharra dagoenez, eta historikoki emakumeoi halako lanak bideratu dizkigutenez, beharbada horregatik gu arduratzen gara gehiago, baina senarrek ere lan ugari egiten dute gazta egiteko orduan», dio Mendigurenek.
Nahiz eta lana paretsu egin, Arrillagak sentitu izan du beraien lana sarri oharkabean igarotzen dela: «Niri gertatu izan zait, tarteka-tarteka, sariren bat irabazi eta nire senarraren izena soilik aipatzea». Gainerakoek baina, halakoak ekiditeko, gaztaindegia senar–emazteen izenean dute erregistratua. «Gaztandegiaren izena esan edo, bestela, biena. Baina zatarra da taldean lan egin eta soilik bakarraren izena azpimarratzea», dio Elgarrestak. «Gazta lehiaketetan sariren bat ateratzerakoan kazetariek beti galdetzen duzue ea nork egindakoa den gazta. Gazta talde lanaren emaitza da, amaiera bat», nabarmendu du Arrilagak. «Ukuiluan lan ona egiten ez baduzu, ezinezkoa da gazta ona lortzea», bota du Elgarrestak konbentzimendu osoz.
Protagonisten arabera, bezeroak gazta erosterakoan ez dio bere buruarik galdetzen nondik datorren produktu hori. «Gazta goi mailakoa izan dadin, artaldea mimo handiz zaindu behar da, bizi baldintza onetan eduki, pentsu egokia eman… eta gaztaindegia garbi mantendu: biltzen, moldeetan sartzen… igarotzen dugun denborari erabilitako tresnak garbitzen igarotzen dugun denbora gehitu behar zaio», argitu du Mujikak. «Eta ez hori bakarrik, artaldearen eta gaztaren kalitate eta osasun kontrolak maiztasun handiarekin egin ditugu, eta hori ere denbora eta lana da», gehitu du Mendigurenek.
Hitz bitan esanda, goi mailako gazta bat lortzeko prozesua luzea da, eta xehetasun guztiak ongi zaindu behar dira. Halabaina, «gizartearen zati handi batek» uraren azpian gelditzen den iceberga ikusten, eta ez du lan–prozesua ezagutzen eta baloratzen. «Eta ezjakintasuna oso ausarta da», zorrotz Mujika.
Atsedenaldirik, ez
Horrenbeste lan izanda, oporrak nahi baina ezin. «Artzain eta gaztagileek ez dugu lan jardunaldia amaitzeko ordurik», dio Mujikak. Horrek ez du esan nahi beste zereginetarako tarterik ateratzen ez dutenik: laurek dituzte seme–alabak, etxeko lanak eta bestelako ardurak. Garai batean halako lanak soilik emakumearen ardurak izango ziren, baina onartu dute egun etxeko lanak ere talde lanean egiten dituztela.
«Pasioa behar beharrezkoa da bizi erritmo honi eusteko», esan du Mujikak, eta ingurukoek azkar berretsi dute. «Egia da gaztagintzak jateko ematen digula, baina hau ez da aberasteko lana», dio Mujikak. Lana majo, baina irabaziak ez dira nahiko lituzketen bezain handiak. «Gurea etxeko ekonomia da, baserrikoa. Hemen ez dago soldata finkorik», zehaztu du Elgarrestak. Soldata arrakalarik, beraz, ezin egon.
«Zenbat aldiz entzun ote dut diru–laguntzen kontura bizi garela», kexatu da Mendiguren. «Gu autonomoak gara, eta hemen ez dago gizarte–segurantzarik. Ardiren bat gaixotuz gero zer? Botikak, artaldeek ihes ez egiteko mendiko itxiturak… guzti horiek kostu bat dute», erantzun dio Mujika. «Gure produktuak behar bezala ordainduko balizkigute, ez genuke diru–laguntzen beharrik izango bizirauteko», eusti dio Mendigurenek.
Arrillaga, Elgarresta, Mendiguren eta Mujika kexu azaldu dira euren produktuengatik artekariek gutxiegi ordaintzen dietelako. «Duela 30 urteko prezio bera du arkumeak. Dena garestitu da, harategietan baita arkumea ere, baina guri orain dela hiru hamarkadatako prezio bera ordaintzen digute. Ez ditut gutxietsi nahi, baina kilotan garestiago saltzen dira txistorra eta haragi txikitua arkumea baino», kexatu da Mujika. «Eta artilea zer esanik ez. Lehen diru iturri zena buruhaustea bilakatu da orain», erantzun dio Mendigurenek.
«Etorkizuna, ez dut argi ikusten», atsekabetu da Mujika. Ordutegi amaigabeengatik eta irabazi txikiengatik gazteentzako lehen sektorea ez dela erakargarria uste du. «Nire ilobak artzain izan nahi du, baina amak esaten dio hala eginez gero etxetik bidaliko duela», dio Mendigurenek. Halere, onartzen dute ilusioa egingo liekeela etxekoek gaztagintzarekin jarraitzea, baina ez dituzte presionatu nahi. «Hutsetik hasi nahi duenak, gainera, oso zaila du. Ia ez dago lursailik, eta daudenak oso garesti. Eta exigentzi mailak ere oso altuak dira, itogarriak hasiberrientzat», esan du Arillagak.
«Gazta talde lanean egindako prozesu baten emaitza da»
Elixabete Arrillaga (Aizpea)
Zarautzen jaio zen Elixabete Arrillaga, «kalean». Itziargo baserri batera ezkondu zenean ezagutu zuen nekazal eta gazta mundua. «Trantsizio garaiak ziren. Orduan sortu ziren elkarteak, jatorri–deiturak… Eta bete–betean sartu nintzen».
Gorabehera batzuen ostean, gaztagintzan bakarrik lan egitea egokitu zitzaion, baina Mikel Etxezarreta egungo senarrarekin ezkontzean, artaldeak batu eta Aizpea gaztaindegia eratu zuten. «Hasieran senarraren izenean egiten genuen gazta, baina 2005. urtean niri ere ikusgarritasuna emateko Aizpea sortu genuen».
Uda Urbiako larreetan igaro ostean, Olaberrian dute baserria eta artegia. «Enpresa guztietan bezala ardurak apur bat banatuak ditugu. Gaztagintzak geroz eta ordu gehiago eskatzen ditu eta lotuago nago, baina egunero egoten naiz ardiekin».
«Beti dago zeregina, eta denon laguntza beharrezkoa da»
Elixabet Elgarresta (Baztarrika)
Txiki-txikitatik ardi artean hazi dela harro dio Elixabet Elgarrestak. «Amak artaldea zuen, eta beti tokatu izan zait ardiekin eta gaztagintzan laguntzea».
Artzain, gaztagile eta emakume izatea gauza berritzailea ez dela erakusten du Elgarrestak. «Etxeko artaldea nire amak gobernatzen zuen. Aitak fabrika batean egiten zuen lan, kanpoan. Etxean zenean asko laguntzen zuen gaztagintzan, baina ardura handiena nire amarena zen. Nik bere bideari segi besterik ez diot egin», dio harro.
Mende hasieran ekin zion bideari. «Senarra ez zebilen oso gustura bere lanean, eta berak esan zidan ardiekin aurrera egiteko». Baztarrika izenarekin merkaturatzen dute beraien gazta, Gabirian.
Ongi moldatzen dira elkarlanean, nahiz eta onartzen duen gaztagintza eta egunerokotasuna uztartzea lan neketsua dela.
«Behar bezala ordainduko baligute, laguntzarik ez genuke beharko»
M. Angeles Mendiguren (Ordizia)
«Kasualitatez hasi nintzen gaztagintzan», aitortu du Maria Angeles Mendigurenek. «Artzain batekin ezkondu nintzen, eta bere bitartez hasi nintzen. Hasieran lan txikiekin laguntzen nion, baina geroz eta ardura gehiago ditut».
Ordizia gaztandegia kooperatiba da beraien marka. «Hasieran kooperatibista gehiago zeuden, baina azkenean bi lagun bakarrik gelditu ziren. Lan gehiegi zen beraientzat, eta gaztagintzan sartu beste erremediorik ez nuen izan», aitortu du. «Hasierako urteak ez ziren errazak izan, baina ikasten da».
Artzain eskolak asko lagundu ziola dio, baina «tranpa» duela aipatu du: «Han dena da horren txukuna, garbia, puntakoa… Urteak behar ditu gaztagile hasi berri batek halako gaztategia lortzeko», esan du. Halere, egun bere gaztak oso preziatuak izaten dira.
«Artzain eta gaztagileek ez dugu lanaldia amaitzeko ordurik»
Nieves Mujika (Gaztañaditxulo)
«Ez nator artzaintza giroko familia batetik, ezta gutxiago ere», dio bere buruaz Nieves Mujikak. Kalean jaio zen bera, eta baita bere semea ere. «Orain dela hamahiru bat urte baserri zahar bat erosi zuen. Bere txikitako ametsa zen, eta hamar ardirekin hasi zen», oroitu da. «Egun batean, ezer esan gabe, ia 80 ardi erosi zituen, eta hortik aurrera apustua argia zen».
Mujikatarrak Amasa Villabonakoak dira jaiotzez, baina Idiazabalen dute gaztategia. «Amasa inguruan baserriak oso garestiak ziren, eta Goierrira etorri behar izan genuen», dio.
Gaztañaditxulo gaztandegia eramaten dute orain aurrera. «Nork esango zidan niri gaztagintza munduan amaituko nuela», galdetzen dio bere buruari. Halere, oso gustura laguntzen dio. «Ardien azazkalak ezin ditut moztu, baina beste guztiarekin ausartzen naiz».