Bereziaren markaz josita
Ohiko bezeroak goiz ibili dira, eta ezohiko jende ugari Artzain egunean. Gaztak protagonismo berezia hartu du Ordiziako asteazkeneko ferian.
Ohiko bezeroak goiz ibili ziren atzo, erosketak jende gutxien zebilen momentuan egin eta gero jai giroa baliatzeko. Ezohiko jende ugari ere ibili zen. Plaza ez ezik, herri muineko kale, plaza eta txokoak postuz bete ziren horrelako egunetan gertatu ohi den moduan. Zer ikusi, ikasi, erosi eta probatu ugari izan zen atzo ere.
Gazta protagonista
Aurten urteko 3. azokan (urtarrilaren 16an) hasi zen Naroa Irigoien ferian Goiburu gazta saltzen. Idiazabalgo Goiburutarrena artzaintza munduan tradizio handiko eta sustrai sakoneko familia izanik, oso harrera polita izan du. Atzo familia horretako Abel Goiburu idiazabaldar gaztagileak jaso zuen erregulartasunaren sarietako bat udaletxean Idiazabal gaztaren denboraldiari hasiera emateko egin ohi den ekitaldi nagusian.
Plazan bertan, Ossau-Iraty jatorri izendapeneko gaztarekin Mixel Larramendi zegoen, feria berezirako propio etorrita. Hazpandarra gustura ibili zen, bizi zen giroaz gozatzen.
Eta behi gazta berri bat ere bai salgai atzo: Behieko. Olaberriko Aitor Aranburuk egina, Aldaba Zaharrekoen postuan eros daiteke 14-15 euro artean kiloa.
Lore eta landare garaia
Deigarri daude. Kolore eta aukera paregabea. Urteko garairik emankorrenean eskaintzari dagokionez, jendea ere baratze lanei heltzeko gogoz dabil. Berdin esan daiteke bazterrak dotoretzeari dagokionez. Egun eguzkitsuek pizten duten gogoak bultzatuta, lore salmentarako garai betean gaude. Eskaintza geroz eta aberatsagoa da, Gineako fucsia etxeko poza, lobelia… orain arteko zerrendari gehitzekoak.
Barazkietan, azken asteetan agertutako marrubi, ilar, baba, tipulin, udaberriko aza… dira erakargarrienak. Eta erakargarritasunik ez dute falta Maria Jesus Oriaren Itsasoko baratzeko porruek: 700 gramotik gorakoak, argazkia lekuko.
Azkenik, datorren astean azoka asteartez egingo dela gogorarazi, maiatzaren 1a jai eguna asteazkenez tokatzen delako.