Burgueraren besarkada
Juan Mari Burguerak sortutako eskultura Legazpiko sarrerako errotondan egon liteke ikusgai bi aste barru. Bizikidetzari eta legazpiarrei eskainitako obra dela dio herriko eskultoreak
Juan Mari Burguera (Legazpi, 1956) eskultore legazpiarrak udalaren enkarguz sortutako eskultura da Besarkada. Ez da baina Burguerarena, asko jota bi aste barru udalerriaren sarreran dagoen errotondan jarrita dagoenean, legazpiar guztien besarkada izango da.
Urretxuko Mitxel errementerian egiten ari dira Burguerak asmatutako eskultura. Korten altzairua eta altzairu herdoilgaitza. 800 kiloko besarkada da. Barku oihalak dira, itxitako orbainak dituzten azalak dira. Izan ere, Burguerak orain urte eta erdi Legazpiko Udalaren enkargua jaso zuenean proiektu bat sortu zuen. Ez zuen ideia horrek asebete eta tiraderan gorde zuen. Zerotik ekin zion berriro eta sormen lanaren oinarrian jarri zuen ideia bizikidetzarena izan zen, «herri bat herri egiten duena bizikidetza da, bestela elkarrengandik gertu bizi den giza taldea da, baina ez da herria».
Bizikidetza abiapuntu hartu eta Besarkada eskultura sortu zuen. Maketan egin zuen, «eskultoreek gure lana tamaina handian ikusteko ametsa izan ohi dugu». Lehenengoz beteko dio ametsa Burguerari Besarkadak.
Dagoeneko hasi dira eskultura egongo den lursaila husten, industrialde parean dagoen biribilgunean. Ondoren, obraren zailtasun teknikoak direla eta, piezaka egingo dute muntaia, «Besarkadak mugimendua behar zuen eta pieza batzuk makurtuta daude». Hor datza zailtasuna.
Eskultura legazpiarrei eskaini nahi die, «besarkada benetakoa da orbainak hor geratu arren, itxita eta sendatuta daudenean. Orduan besarkatu daiteke hurkoa». Hori da, hain justu, legazpiarrei Besarkada eskulturaren bitartez Burguerak iradoki eta eskaini nahi diena.