Goi mailako ile apaintzailea
Harkaitz Barreros ile apaintzaile urretxuarrak bere ibilbidea eta diseinuak 'ADN' liburuxkan jaso ditu. Orain arte marka ezagunen enbaxadore izan da eta aurrerantzean libre lan egingo du.
Harkaitz Barreros urretxuarra goi mailako ile apaintzailea da. Bere lanak pasarela ezagunetan erakutsi ditu eta herrialde askotan eskolak eman ditu. Hainbat marken enbaxadore izan ondoren, bakarka lan egitea erabaki du. Hemendik aurrera bere burua bakarrik ordezkatuko du, HMotion ile apaindegia. Horretarako, bere ibilbidea eta bilduma ADN liburuxkan jaso ditu. Aditu eta bezeroen artean banatuko du.
Ibilbide berri honetan, Barrerosek Matrix marka izango du bidelagun. Hasteko, bilduma Madrilen eta Bartzelonan aurkeztuko dute. «Bilduma kontzeptuala da. Bere inguruan istorio bat sortu da. Gure lanak, izaerak, horretara eraman gaitu».
Lan honetan ile apaintzaile ezberdinek parte hartu dute. Guztiek beraien ukitua eman diete Barrerosen sormen lanei. «23 urte hauetan nire erreferenteak izan diren ile apaintzaileek eta lagunek parte hartu dute: XXL (Jose Juan Isidoro), X-Presion (Jose Almendral) eta Patricia Robel».
Argazkiak eta bideoa Javier Lopezek egin ditu eta Josu Maroto urretxuarrak, berriz, marrazkiak egin ditu. «Lopez moda argazkilari onenaren saria lortu zuen 2018an eta Maroto lagun mina dut. Maroto HMotion familiako kidea da dagoeneko».
Liburuxkako modeloak ere punta-puntakoak dira. «13 Manias Interviu aldizkariko azalean atera zen. Paula, Ruth eta Sara ere ez ditut ahaztu nahi. Arropari dagokionez, modeloek Eder Aurre diseinatzailearen arropa jantzi dute. Makillatzailea Lur Martinez Perez izan da eta ile apaindegiko Joana Cuñado Perezek eta Irati Urratek ere parte hartu dute, noski».
Barrerosek, diseinuei dagokienez, Gutxiago gehiago da lema jarraitu du. «Nire aitak musika ona ez dela zahartzen esaten zuen eta orrazkera hauetaz berbera esan daitekeela uste dut. Izaeradun orrazkerak dira: alternatiboak, dinamikoak…».
Hiru urte eman ditu bilduma honetan eta liburuxkan lanean. Madrilera joan behar izan dira modeloak jantzi, makilatu eta orraztera eta argazkiak ateratzera. «Oso dibertigarria izan da, baina baita oso gogorra ere».
Liburuxka bere aurkezpen txartela izango da. «Aurrerapausoa dela uste dut. Saltoa. Hemendik aurrera ez naiz marka baten eskutik joango, marka batekin baizik. Matrix markakoek askatasunez lan egin nahi dugula ulertu dute eta bidelagun izango ditugu. Gure lana aurrera ateratzeko behar ditugun erremintak gure esku jarriko dituzte».
Madril eta Bartzelona
Ekainaren 17an master class bat emango du Madrilen. Ondoren, Bartzelonara joango da. Urrian, berriz, Madrilgo Salon Look ile apainketa ferian parte hartuko du. «Bide berri hau noiz eta non hasiko den badakigu, baina ez noiz eta non bukatuko den. Master class-ak oso dibertigarriak izango dira. Parte hartzaileek gure erremintekin lan egiteko aukera edukiko dute. Gainera, ikasleak sartzen direnerako, lau modelo orraztuta egongo dira. Orrazkerak ukitzeko aukera edukiko dute. Gure erara lan egingo dugu eta Matrixek gure aldeko apustua egin du. Goi mailako ile apainketa egin dugu», azaldu du.
Eta betiko galdera… Urretxu ez al zaizu txiki gelditzen? «Aditu guztiek galdera hori egiten didate. Egia esan, Euskal Herriko hiriburu batean beste ile apaindegi bat irekitzeko ordua iritsi dela uste dut. Urretxukoa itxi gabe, noski!».