Zeramikariak, talde lanean
Zeramikak, tradizioz, gainerako arteek baino pisu gutxiago izan du Euskal Herrian, baina gero eta artista gehiago ari dira agertzen. Jone Urain eta Maite Salutregi dira haietako bi.
Zeramikak bultzada behar zuela ikusi genuen mundu horretan gabiltzanok. Horregatik sortu genuen Euskal Keramikagile Garaikidea elkartea, gure jarduna zabaltzeko”, azaldu du Jone Urain zeramikariak. Duela hamahiru urte hasi ziren artistak elkarlanean, eta hamaika lan eta erakusketa egin dituzte bidean. Nortasuna da azkena: “2016ko Europako kultur hiriburutzaren harira, nortasunaren inguruko lan bat egiteko eskatu ziguten Donostiatik. Euskara da gure nortasunaren erdigunea, eta hortik abiatuta sortu dugu erakusketa”, adierazi du Maite Salutregi zeramikariak.
Euskal Keramikagile Garaikidea elkarteko kide gehienak gasteiztarrak dira, eta, hain zuzen ere, hainbat udalerritatik igaro ondoren, Gasteizko Araba aretoan dago ikusgai erakusketa, datorren ostiralera arte. Salutregi eta Urain dira elkarteko artista gipuzkoar bakarrak. Itsason dute tailerra, nahiz eta mendaroarra den Urain, eta eibartarra Salutregi. “Aurretik banuen lotura Itsasorekin, eta, unea iritsi zenean, heldu egin genion lokal honetan lan egiteko aukerari”, azaldu du Salutregik. Bi pisuko lokala da, baina txikiagoa dirudi zeramikazko hainbeste piezarekin. Sorkuntzan espezializatutako liburu eta aldizkariak dauzkate tartean, lanerako bi mahai sendo ere bai, eta baita tornu elektrikoa eta labea ere. Ikasleen proiektuak ari dira lantzen orain, eta hilabete barru zabalduko dute erakusketa, Beasainen. “Hainbat arlo lantzen ditugu gure jardunean: sorkuntza, klaseak, enkarguak…”.
“Nortasuna erakusketarako, bertso bat, poesia bat eta beste hautatu ditu artista bakoitzak, eta hori izan dute inspirazio iturri”, hasi du azalpena Salutregik. “Oinarria bera izan arren, emaitzak zeharo desberdinak dira. Bakoitzaren nortasuna ikusten da lanean”, biribildu du. “Sortze prozesua pertsonala da, bakoitzak bere bidea jorratu baitu, baina emaitza taldearena da. Oso ohituta gaude taldean lan egitera, eroso sentitzen gara; sinergia berriak sortzen dira horrela”, gaineratu du Urainek.
Salutregik Jose Luis Otamendi poetaren Lur Arola poesiaren lehen lerroa erabili du Ama Euskara obra sortzeko. “‘Isilak ez nau azpian harrapatuko’, dio Otamendik. Pertsona eta artista naizen aldetik, adierazteko beharra sumatzen dut, eta bat egiten dut Otamendirekin”, azaldu du zeramikariak. “Amodioaren, bizitzaren, lurraldetasunaren eta identitatearen olerkia da. Eskulturaren ikuspuntutik, neure buruari jarritako erronka bat da, identitatearen garapenean ama hizkuntzak duen garrantzia azpimarratzeari jarri diodan erronka bat”.
Hainbat atal ditu Ama Euskara obrak: “Ama izena eman diodan disko handi bat, eta hainbat zatiz osaturiko eskultura multzo bat: Oskolak“, deskribatu du Salutregik. “Niretzat gure nortasunaren barruko hain konnotazio garrantzitsuak ditu euskarak, non gure hizkuntza geure amarekin erkatzera ausartzen naizen. Umeari amak helarazten dio munduaren ikuspuntua”.
“Hain konnotazio garrantzitsuak ditu euskarak,
non hizkuntza geure amarekin erkatzen dudan”Maite Salutregi (Zeramikaria)
“Oso ohituta gaude taldean lan egitera, eta eroso
sentitzen gara; sinergia berriak sortzen dira horrela”Jone Urain (Zeramikaria)
Urainek, berriz, Bitoriano Gandiagaren Denbora Galdu Alde olerkia izan du oinarri Harilkatzen lana sortzeko. “Zirrara eragiten dit olerki honen soiltasunak eta mezuaren esplizitutasunak. Uste dut olerki horrek gure hizkuntza gordetzeko giltzarria ematen digula: euskara erabiltzeak gure izatea adierazten du, eta horretaz zenbat eta jakitunagoak izan, orduan eta indar handiagoa emango diogu geure identitateari”, aipatu du Urainek.
Zeramikazko hainbat elementu harilkatu ditu mendaroarrak: euskara da haria, eta euskaraz bizi den pertsona bat iruditzen du zeramikazko pieza bakoitzak. Hala, “mapa bat” sortu duela dio artistak. “Euskararen haria da neure harila sortzeko erabiltzen dudan bidea, eta horrela komunika naiteke, neure burua gizatalde baten partaide ikusita”. Hutsuneak ere utzi ditu, hausnartzeko: “Zein da zure mapa?”.
Irakasle lanetan ere bai
Sorkuntza dute gustuko biek, baina “bestelako bideak” ere jorratu behar izaten dituzte eguneroko gastuei aurre egiteko. “Garai batean, ikasle izan ginen gu ere, eta guk ere izan genituen irakasleak”, azaldu du Salutregik; biek tailerrak eskaintzen dituzte tartean-tartean. Urain eta Salutregi Debako arte eskolan hasi ziren prestakuntza jasotzen, eta zeramika artistikoko ikasketak egin zituzten gero, Manisesen (Herrialde Katalanak). “Mediterraneo inguruko herriek ohitura handiagoa izan dute zeramika lantzeko. Euskal Herrian, nahiago izan ditugu harria, egurra eta metala, nahiz eta artista handi askok landu duten zeramika”, adierazi du Salutregik.
Zeramikak Euskal Herrian tradizio sendorik izan ez duenez, oso zeramikari gutxi dago Gipuzkoan. “Guztiok ez dugu ezagutzen elkar, baina eskuekin kontatu ahalko genituzke”, azaldu du Urainek. Pozik daude, halere, gazteak badatozela ikusita.