Autopista elektrikoaren aurkako adierazpenarekin bat egin dute Goierriko hainbat udal hautetsik
Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa lotuko dituen goi tentsioko linea eraikitzeko hirugarren proposamena jaso dute lineak igaroko lituzkeen 50etik gora herritako udaletan, tartean Goierriko hainbatetan. Azpiegitura horren aurkako adierazpena adostu dute orain 438 udal hautetsik, baita Goierriko herrietako ordezkariek ere.
REE Red Electrica de España enpresak Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa lotuko dituen goi tentsioko linea eraikitzeko asmoarekin aurrera jarraitzen du, eta dagoeneko prest du hirugarren proiektuaren zirriborroa. Goi tentsioko lineak 50etik gora udalerriri eragingo lieke, tartean Goierriko hainbati, eta udalek martxoan zehar jaso zuten proposamena, aztertzeko. Azpiegitura horren aurkako adierazpena adostu dute orain 438 udal hautetsik; horien artean, 63 alkatek eta 42 kontzejuko presidentek. Goierriko hainbat herritako ordezkarik ere bat egin dute adierazpen horrekin.
Goi tentsioko linea «enpresa pribatuek interes orokorraren izenean bultzatutako proiektua» dela diote sinatzaileek adierazpenean, eta «ostrazismora» kondenatuko dituela inguruko herriak: «Gure bailarak ezin dira dorreak jartzeko euskarri fisiko soil bihurtu, azpiegitura hauek eragin jasangaitza baitute ingurumenean, osasunean eta ehun produktiboan». REE enpresak udaletara bidalitako proposamena «aurrekoaren segida» dela eta, «multinazional elektrikoen interesen gainetik» jar daitezela eta udalen eta kontzejuen elde egiteko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.
Duela hamar urte aurkeztu zuen REEk lehen proiektua —Gasteiz eta Castejon arteko linea—, baina bertan behera gelditu zen herritarren protesten ondorioz. 2011n heldu zen bigarrena, Itsaso eta Deikaztelu artekoa, baina aukera hura ere baztertu zuen enpresak, 250 udaletan aurkako mozioak onartu eta gero. Oraingoa, hirugarren proposamena da.