Bertsoz eta kantuz agurtu dute Patxi Iraola
Patxi Iraola bertsolariari omenaldi jendetsua egin diote Zaldibiako plazan. Zaldibiako herritar eta musikariez gain, bertsolaritza munduko ordezkaritza zabalak parte hartu du ekitaldian.
Larunbatean zendu zen Patxi Iraola (Zaldibia, 1933-2019) bertsolaria omendu du Zaldibiako herriak eta bertsolaritza munduko ordezkaritza zabal batek. Bertsotan egindako ibilbidea ez ezik, haren izaera eta euskararen aldeko jarrera ere gogoratu zuten ekitaldian.
Belaunaldi ezberdinetako bertsolari ugari elkartu ziren atzo Zaldibiako plazan, baita herriko musikariak ere. Txistularien doinuekin hasi zen ekitaldia, eta Bertso Eskolakoak izan ziren kantatzen aurrenak. Eñaut Agirrek, Lazkao Txikik kantatu baina Iraolak gogoan hartu zituelako gorde diren Kukuari jarritarko bertsoak kantatu zituen. Eusebio Igartzabalek, Xabier Euskitzek, Sebastian Lizasok eta Imanol Lazkanok bertso bana kantatu zuten segidan. Xeto eta Daniel kantari bikote zaldibiarrak, Patxi Iraolak idatzitako Nikolas Mendizabalen omenez idatzitako abestia abestia kantatu zuten. Iraolaren iloba batek ere abestu zuen.
Bere biografia, bertsoak eta pasarteak jasotzen zituen liburuak Naizen apurra izena hartu zuen, baina Saroi Jauregik ekitaldian esan zuen moduan, “zure umiltasunak egin zaitu handi, Patxi”. Mikel Laboaren Txoria Txori kanta abestuz bukatu zuten ekitaldia.