«Danborrada bogan dago Legazpin»
Herri danborrada zuzentzen duela 25 urte dira eta aurten Carballok (Legazpi, 1975) irakurriko du pregoia udaletxeko balkoitik. Etzi igoko da berriz danborrada zuzentzera.
Nondik dator danborrekiko zaletasuna?
Haurren danborradan hasi nintzen bederatzi urte nituenean eta orduz geroztik ez dut utzi. Legazpiko Musika Bandako perkusio jotzailearekin hasi ginen; Pedrok kaxa jotzen zuen eta guk harekin ikasi genuen.
Esangoko nuke danborradan jokatu daitezkeen rol guztiak jokatu ditudala; figurante guztien rola jokatu dut. Behin danborrada zuzendu nuen zaldian jarrita, eta orduko elkarteen danborradak 25 urte bete zituenean haurren danborradako kide batzuk haiekin atera ginen, nagusiekin, alegia.
Nola suertatu zen herri danborradako zuzendari izateko aukera?
Ez zegoen zuzendaririk. Quique Mujika zuzendaritza uztear zegoen eta jubilatzear zegoen, biak aldi berean. Ni hark lan egiten zuen enpresa berean lanean hasi nintzen eta gure bizitzak gurutzatu egin ziren nonbait. Danborradan ere lekukoa hartu nion.
Orain 25 urte izan zen hori.
Bai, 1995ean.
Ordutik, halere, Legazpiko helduen danborradak fase ezberdinak bizi izan ditu.
Bai, elkarteek antolatzen zuten, baina antolaketa mota hura bertan behera geratu zen eta danborrada egiteari uzteko zorian egon ginen. Haurren eta gazteen danborrada ere kasik desagertu zen parte hartzea asko jaitsi zelako.
Nik ahalegina egin nuen helduen danborradan etenik egon ez zedin, egiteari utziz gero zaila izango baitzen berreskuratzea. Floren Gutierrezek eta Mikel Gurrutxagak berriro antolatu zuten eta elkarteen danborrada izan ordez, herri danborrada bilakatu zen. Haur eta gazte danborrada ere berreskuratu zen; izan ere, belaunaldi askok ez zuten danborradan irteteko aukerarik izan.
Orain biak indarberrituta daude. Herri danborradara konpainia batzuk gehitu dira azken urteetan.
Bai, bogan dago Legazpin eta bitan zatitu behar izan dugu, hain luzea izanda azkenek ezin zutelako banda entzun. Danborradaren zati bat Jesus Castillejo Legazpiko Musika Bandaren zuzendariarekin doa eta beste bat Edurne Zabalo zuzendari ordearekin. Elkartu, eta Nafarroa eta Nagusia kaleetatik buelta eman eta gero, ikurrina altxatzera goaz udaletxera eta Santikutz egunari ongi etorria ematen diogu.
Zergatik gustatzen zaizu horrenbeste?
Umea nintzenetik bizi izan dut. Seriotasuna behar da, ikasteko gogoa ere bai. Musikari amateurra naiz [gitarra jotzen du] eta emaztea Edurne Zabalo musikaria da [bandako zuzendari ordea]. Udaletxeko balkoira danborrada zuzentzera igotzen naizenean zoriontasuna sentitzen dut hainbeste jende ikusita, jendea pozik ikustean.
Musika aldetik ere hazi da danborrada.
Jesus Castillejo bandako zuzendaria eta biok lagunak ere bagara, eta piezak gehitu dizkiogu danborradaren errepertorioari: Debako martxa edo Legazpiko ereserkia, adibidez.
Poza emango zizun pregoia egiteko gonbidapena.
Bai. Gainera, Iñigo Imaz zinegotziarekin topo egin nuen erabakia hartu zuten bileratik irtetzen ari zela. Pregoia emateko hautatu nindutela esan zidan eta ni, egia esateko, pozik sentitu nintzen, harro ere bai, ezin dut besterik esan.