Langileen egunean jai feriak
Landare postuak izan dira jendetsuenak apirileko azken azokan, eta udaberriko barazkiak jaki estimatuena, ilarrak eta babak bereziki.
Asteartea feria galdutzat jotzeko joera bada ere, atzo esan daiteke jende gutxi izan arren, erostera joan zela joan zena. Justu joan zen astekoaren kontrakoa: «Jendea bai, baina goiz gehienak». Izan ere, oraintxe erosketa mota asko egin daiteke azokan. Landareak hartzen dituenak, «lana erosten du», gero baratzean aritu beharra alegia. Loreak aukeratzen dituena bazterrak dotoretzeko asmoan dator, eta nola ez, tripa kontuan barazki, fruta, bakailao, txarkuteria, gozo, fruitu lehor eta abarren aukerak ez du etenik urte guztian.
Atzo landare postuetan mugimendu polita ikusi zen, eta azkenik salgai jarri dituztenen artean erremolatxa (1 euroan dozena), urteko porrua (3,5 euroan zientoa), berenjena eta azalorea (0,15 euroan bakoitza) daude. Esan daiteke udako landare guztiak jadanik aukeran daudela, nahiz eta oraindik goiz den kanpoan tomateak edota piperrak aldatzeko.
Ziza ugaritzen ari da
San Prudentzio egunez protagonismo berezia hartu ohi duen jakia da ziza, Gasteizen bereziki. Handik etorri ohi da urtero ziza garaian Garbiñe Barandiaran eta atzo etorri zen lehen aldiz Ander Ruiz de Larrea semea lagun zuela. «Beranduxeago hasi gara aurten, oso ziza gutxi baitago eta hori antzeman dugu, bai, igandeko festa egunean». Lasaren postuan zeudenak batuta, guztira 125 kilo zeuden atzo salgai, 35-55 euro artean kiloa. Onddoak, berriz, 40 kilo ekarri zituen Lasak, kiloa 24 euroan.
Gaur irekiko da ofizialki Aralarko larrea. Artzainak goi mendietara begira daude. Arkume denboraldiak, berriz, maiatza bukaerara arte iraungo du eta prezioak bere horretan dirau, kiloa 3,10 euroan (gehi BEZa), bizirik pisatuta.
Mende erdia ferian
Zumarragako Rueda familiak ospakizun eguna zuen atzo, mende erdia bete baitu feriako gurpilean. Txema Ruedak kontatu zigunez, «amak Maria del Patrocinio Ayuso esaten du ni jaio nintzen urtean, maiatzeko lehenengo astean hasi zirela Ordiziara etortzen», eta egutegian erreparatuz, apirilaren 30a izan zen asteazkena 1969an.
Bilakaera izan du negozioak eta postuaren kokapenak. Lehen Ruedatarrak bi postu baitzituzten, gerora batu eta gaur egun anai-arreba eta lehengusu artean kudeatzen dute Farmaziatik goraxeago kokatzen duten postua. Jatorriz Extremaduratik eta Segoviatik etorriak aspaldi, eta lehen salgaia hango txarkuteria gaiak bazituzten ere, mende erdia bete dute fruta eta barazkiekin Ordizian.