Beasainen egingo dute ibilgailuen azterketa teknikorako gune berria
Eusko Jaurlaritzak hiru IAT zentro berri zabaltzeko asmoa agertu du; Gipuzkoari dagokiona, Beasaingo Ittola industrialdean kokatuko litzakete, Salbatore auzoan.
Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egiteko zentroetan dauden pilaketak ikusita, Eusko Jaurlaritzak hiru zentro berri zabaltzeko asmoa iragarri du. Horietako bat, Beasainen egingo dute; kokapena oraindik erabat zehaztu gabe badago ere, Salbatore auzoko Ittola industrialdea izan daikete aukeretako bat.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako eta Garapen Ekonomikorako kontseilariak, duela hiru aste esan zuen IAT egiteko bi zentro berri egiteko aukera aztertzen ari zirela, baina ez zuen zentro horien kokapenaren inguruan hitz egin. Gaur hainbat komunikabidek zabaldu dutenaren arabera, hiru zentro egingo dituzte guztira, bi Bizkaian eta bat Gipuzkoan; eta lurralde horri dagokiona, Beasainen kokatuko dute. Egun Bergaran, Urnietan eta Irunen daude Gipuzkoako IAT zentroak, eta laugarrena izango litzateke Beasaingoa. Zarautzen bosgarren toki bat ere egokituko dute, baina behin behinekoa izango da.
Lehendik ere aipatu izan da Goierrin IAT zentro bat egiteko aukera. Orduan Olaberriako Ihurre auzoa aipatu zen kokaleku bezala, baina proiektua ez zen aurrera atera, eta Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen IAT zentroen sarea zabaltzeko asmoa.