Gipuzkoa Bertsotan sailkatze fasea larunbatean hasiko da
Larunbatean hasiko dituzte Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako aurre-kanporaketak. Hamabost bertsolari goierritar ariko dira sailkatze fasean.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako aurre-kanporaketak etzi hasiko dira, zehazki, Asteasun eta Idiazabalen. Denera, 84 bertsolarik hartuko dute parte Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean, horietatik hamabost goierritarrak, eta 34k lortuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela.
Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen arabera, Gipuzkoa Bertsotan «sailkapen fase bat baino gehiago» da. Izan ere, «Gipuzkoan bertsolaritzak bizi duen osasunaren isla» dela diote, «bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan zein lehiaketetan eta sariketetan bizi dugun emankortasunaren erakuslea».
Lehian jardungo duten 84 bertsolariak bi multzotan banatu dituzte antolatzaileek. Bertsolari bakoitzak saio bakarra izango du bere dohainak erakusteko. Azkenean, multzo bakoitzeko puntuazio altuena jaso duten hamazazpi bertsolariak pasako dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara.
Maiatzeko asteburu guztietan izango dira saioak. Esaterako, larunbat honetan Asteasun eta Idiazabalen jokatuko dira kanporaketak, eta igandean Anoetan eta Orion. Era berean, Mutrikun, Berastegin, Altzon, Lezon, Zizurkilen, Aretxabaletan, Errezilen, Legorretan, Bergaran eta Donostian ere izango dira saioak.
Gipuzkoa Bertsotan sailkatze fasea zabalduko duen Idiazabalgo saioan ez da Goierriko ordezkaririk izango, Asteasukoan bai, ordea: Maddi Aiestaran beasaindarra eta Amaia Iturriotz urretxuarra taularatuko dira beste lau bertsolarirekin batera. Igandean, berriz, Antton Fernandez urretxuarra, Odei Lopez legorretarra eta German Urteaga beasaindarra arituko dira, Anoetan.
‘Milenialak’, ate joka
Aurreko edizioan, 2015. urtean, Goierriko bederatzi bertsolari haritu ziren kantuan. Ikusteko dago aurtengoan zenbat arituko diren, baina ez dirudi gutxiago izango direnik.
Gazteak atzetik ere badatoz, eta lehendabizikoz XXI. mendean jaiotako bertsolariek parte hartuko dute Gipuzkoa Bertsotan sailkatze fasean: 2001. urtean jaio zen Maddi Aiestaran, Goierriko ordezkarien artean gazteena. Antton Fernandezek, goierritarren artean bertsolaririk zaharrenak, bikoiztu egiten du Aiestaranen adina. Denera, Gipuzkoa Bertsotan fasean parte hartuko duten goierritar bertsolarien batez besteko adina 26 urtekoa da.
15 goierritar
A taldea. Maddi Aiestaran, Eneko Araiztegi, Antton Fernandez, Amaia Iturriotz, Mikel Iturriotz, Odei Lopez, Gorka Maiz, Beñat Torres, Iban Urdangarin eta German Urteaga.
B taldea. Maialen Akizu, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Endika Igartzabal eta Mikel Tapia.Saioak. Goierrin, Idiazabalen eta Legorretan, maiatzaren 4an eta 19an, hurrenez hurren.