Ongizatea lortzea helburu
Larraitz Urrestilla coach eta mindfulness irakasle urretxuarrak Gain ongizate eskola ireki du Zumarragan. Lau ikastaro antolatu ditu herritarren ongizate maila igotzeko.
Lehen bezain zoriontsuak ez garelako edo gaiari lehen baino arreta gehiago jartzen diogulako, inoiz baino gehiago hitz egiten da ongizateaz. Larraitz Urrestilla coach eta mindfulness irakasle urretxuarrak Gain ongizate eskola ireki du Zumarragako Elizkaleko 9an (La Muñeca de Trapo jantzi denda zegoen lokalean). Aurkezpen ekitaldia asteartean izan zen.
Eskola honetan arreta osoa (mindfulness), meditazioa, joga, elikadura, autozainketarako masajeak, mugimendu dantza terapia, coaching-a… landuko dituzte. Urrestillak zuzendari lanak egingo ditu eta hainbat adituk berarekin lan egingo dute.
Lau ikastaro
Dagoeneko lau tailer antolatu dituzte. Nerabeentzat mindfulness ikastaroan, nerabeek arreta entrenatuko dute ikasturte amaiera honetan emaitzak hobetzeko. Saioak hilaren 9, 16, 23 eta 30ean izango dira, 16:00etatik 17:30era.
Helduentzako mindfulness ikastaroa ere antolatu dute, estresa eta antsietatea murrizteko. Ikastaro honetako saioak hilaren 6, 13, 20 eta 21ean eta ekainaren 3, 10, 17 eta 24an izango dira, 18:30etik 20:30era.
Hirugarren tailerra bizitzaren bigarren erdira heldu direnentzako da. Mindfulness-a, yoga, erlaxazioa, meditazioa landu eta solasaldiak egingo dituzte, bizitzaren bigarren zatian ere bizitzaz gozatzeko. Saioak hilaren 6, 13, 20 eta 27an eta ekainaren 3, 10, 17 eta 24an izango dira, 10:00etatik 11:30era.
Laugarren tailerra elikadurarekin lotua dago: yoga eta mindfulness-arekin batera, gosari energetikoak egingo dituzte. Maiatzaren 12an eta ekainaren 16an izango dira, 09:00etatik 11:00etara.
Ikastaro horietan izena emateko edo informazio gehiago lortzeko 655 615 591 telefono zenbakira deitu behar da.
Urrestillak herritarrak parte hartzera animatu ditu. «Gain eskolan jendeari bere ongizatea garatzeko tresnak eskainiko dizkiogu. Jendea ez da terapia egitera etorriko. Tailerretan jendeak ikasi egingo du, gero bere etxean teknika horiek guztiak landu ahal izateko. Herritarrak etortzera animatu nahi ditut. Gauza ezberdinak aurkituko dituzte».
Jendeak geroz eta denbora gutxiago duela jakitun, ez dituzte urte osoko tailerrak antolatu. «Garaian garaikoak antolatuko ditugu. Udaberrian gorputzak zein elikagai behar dituen azalduko dugu, adibidez. Tailerrek ez dute epe luzeko konpromisoa eskatzen. Parte hartzaileek, tresnak eskuratu ahala, etxean praktikatu ahal izango dute. Gure helburua ongizatea bultzatzea da eta horretarako korronte ezberdinak ezagutuko ditugu», amaitu du.