Segura-Zerain, Goierri Trail Kopako bosgarren proba, larunbatean
Proba luzeak 25 kilometro eta 1.600 metroko desnibel positiboa du, eta laburrak 14,5 kilometro eta 880 metroko desnibela. Errekorra hobetzen duenarentzat 100 euroko saria egongo da.
Segurako eta Zeraingo mendiak zeharkatzen dituen Sanson proba etzi jokatuko da. Goierri Trail Koparako proba puntuagarria da, eta aurtengoan ere distantzia luzea eta laburra antolatu dituzte.
Proba luzean parte hartuko duten lasterkariek 25 kilometroko eta 1.600 metroko desnibel positiboa duen ibilbideari egin beharko diote aurre. Irteera Segurako plazan izango dute eta, bertatik, Zerainera abiatuko dira. Handik, Oramendi gainera igoko dira, lasterketako punturik garaienera 856 metro, eta jaitsiera luze baten ostean, Unamendiko igoerari ekingo diote. Santa Barbara Martiriko baselizatik, berriz ere, Segurara jaitsiko dira proba amaitzeko; lasterketa laburra ibilbide luzearen azken zatia izango da.
Iazko ekitaldian ziztu betean aritu ziren lasterkariak, eta markak maila guztietan ondu zituzten: proba luzean, gizonezkoetan, Julen Lurruzeak 2:13:20ko marka jarri zuen, eta emakumezkoetan, Ainhoa Sanzek 2:34:45ekoa; proba laburrean, Unai Santamariak 1:08:36an gelditu zuen kronometroa, eta Maria Zorrozak 1:17:30ean. Aurtengoan, antolakuntzak 100 euroko saria emango dio marka hobetzen duen lasterkariari probako babesleen laguntzarekin. Halere, adituek euria iragarri dute, eta zaila izango da horren denbora onak erdiestea.
Sailkapen nagusia, estu
Goierri Trail Kopako hiru proba jokatu dira dagoeneko, baina sailkapen orokorrean tarteak zabaltzeko ez dira nahikoak izan.
Distantzia luzean, Barbara Martin eta Iñaki Olano dira sailkapenaren buru. Martinek, orain arteko probarik irabazi ez duen arren, erregulartasunari esker 116 puntu pilatu ditu, Uxua Barandiaran bigarren sailkatuak baino 22 puntu gehiago. Olanok, aldiz, hamalau puntuko errenta du Ion Vegasekiko.
Barbara Martin eta Iñaki Olano liderrek baieztatu dute Segura-Zerain mendi lasterketan parte hartuko dutela. Oro har, kopako sailkapenaren aurreko postuetan dabiltzan lasterkari gehienak izango dira irteera marran.
Bihar arte eman daiteke izena rockthesport.com atarian. Ge-hienez ere 400 korrikalarik hartuko dute parte etziko proban: distantzia luzean 250ek eta laburrean 150ek.