Ampo Ordiziako jokalariak eta Orioko arraunlariak bat eginda
Ordiziako Altamira zelaian entrenatzen egon dira Orio Arraunketa Elkarteko lehen taldeko arraunlariak. Sinergia berriak sortzea da harreman berriaren helburua
Entrenamendu saio berezia egin dute aste honetan Ampo Ordiziako mutilek. Izan ere, Orio arraunketa taldekoak Altamiran izan dira, haiekin batera lanean. Pasa den astean ordiziarrak izan ziren Orion hangoekin entrenatzen. Oriotarrek nola lan egiten duten erakutsi zieten goierritarrei eta asteazkenean, maiatzaren lehenean jai eguna zela baliatuz, alderantziz gertatu zen. Arraunlarientzat lehenengo aldia zen errugbiko baloi bat hartzen zutena, eta errugbilarientzat ere esperientzia berria izan da trainera batean arraun egitea. Ekimena «oso positibotzat» baloratu dute bi taldeetako ordezkariek.
Sinergia berriak
Orain dela hilabete batzuk Ordizia Rugby Elkarteko kirol zuzendaritzatik planteatu zen, errugbi eskolako jokalariak trebatzeko esperientzia desberdinak egitea. Horren barruan, Euskal Herrian elite mailan konpetitzen ari den beste talde batekin sinergia berriak sortzea positiboa izango zitekeelakoan, Orioko arraunketa taldearekin elkarlana sustatzea pentsatu zuten. Modu horretan, haiek lan egiteko duten moduaz gain, taldearen baloreak ere ezagutzeko. Orioko taldearekin harremanetan jarri, eta proposamena oso interesgarria izan zitekeelakoan, baiezkoa eman zuten. Hori horrela, pasa den larunbatean, Ordizia Rugby Elkarteko bigarren taldeko jokalariak Oriora joan ziren.
Haientzat guztiz berria zen entrenamendu saioa egin zuten, Orio arraunketa taldekoek egin ohi duten entrenamendua egin baitzuten banku finkoan, eta trainerarekin itsasora ere atera ziren, besteak beste.
Eta aste honetan, asteazkenean, bueltako entrenamendu saioa egin dute Ordizian. Orio arraunketa taldeko lehen taldeko mutilak Altamiran izan ziren, Ohorezko mailako taldeko jokalariekin eta ordiziarrekin batera egin dute lan.
Jon Salsamendi oriotarren entrenatzaileak gertu-gertutik jarraitu zuen Altamiran egindako lan saioa, eta adierazi zuen horrelako ekintzak «talde kohesioa lantzeko oso positiboak» direla. Izan ere, normalean egiten ez duten aktibitate bat egiten jartzeak, bakoitzaren jokaera nolakoa den ikusteko balio du, eta aitortu zuen «sorpresak» jaso zituela. Egunerokoan, taldearen barruan rol jakin bat du bakoitzak, baina testuinguru berri horretan beste jokaera batzuk ikusten dira. «Denak elkar hobe ezagutzeko» balio duela esan zuen eta horrek, «taldearen kohesioan eragiten» duela.