Atauni hamargarren bira
Jentilen Bideetatik iraupen luzeko mendi ibilaldiak 10. ekitaldia izango du, igandean. 48 kilometroko bidean, Atauni mugarik muga buelta emango diote. 21,3 kilometroko motzagoa ere bada
Bi urtean behin Ataun Kirol Elkarteak antolatzen duen Jentilen Bideetatik iraupen luzeko ibilaldiak etzi egingo dituzte, Ataunen. 2001ean hasi ziren, eta aurten 10. aldia dute. Ohi bezala, eta betiko ibilbideei segita, 48 eta 21 kilometroko bi zeharkaldi prestatu dituzte.
Ibilaldi luzea 06:30ean hasiko da, Auzoeta kiroldegitik. 48 kilometro osatuko dituzte ibiltariek. Ataungo udalerriari bira osoa emango diote, ia beti mugarik muga joanda. Ibiltari iaioentzako eta arituentzako proba da. Luzera ezezik, handia dauka desnibel positiboa ere: 2.243 metro.
Orain baino lehen ere, ataundarrek bazuten udalerriari buelta emateko ohitura. Desafio modura hartzen zuten, ala herriko bazterrak ezagutzeko txango modura, auskalo. «Atauni buelta egun batean edo bitan egiten ziotela kontatzen zuten lehenagokoek. Bidean lo eginez osatzen zuten batzuek ibilbidea, besteek takada batean», kontatu du antolakuntza taldeko Jexux Goikoetxeak.
Apustu kutsurik ez
Jentilen Bideetatik oinezko martxa da, ez lasterketa. «Mendi ibilaldi honek oinezkotasuna bultzatu nahi du, natura dastatuz, korrika eta apustu-kutsua baztertuta», dio araudiak.
Irteera eta helmuga Auzoeta kiroldegian izango dituzte bi ibilbideek. Izena eman behar da (10 euro). Duela bi urte, 500 bat lagun izan ziren.
Jentilen Bideetatik
Mendi ibilaldiak
· Non. Ataunen.
· Noiz. Igandea, maiatzak 5.
· Proba. Iraupen luzeko mendi ibilaldiak (2), Euskal Herriko Mendi Federazioaren egutegian.
· Tokia. Auzoeta kiroldegia.
· Izena. ‘zirkuitua.com’ webgunean edo posta elektroniko bidez (ataunke.mendia@gmail.com).
· Prezioa. 10 euro
· Zerbitzuak. Mediku zerbitzua, dutxak, 3 kontrol eta anoa gune.Ibilbide luzea
· Distantzia. 48 kilometro.
· Denbora. 9-11 ordu.
· Desnibel positiboa. 2.243 metro.
· Irteera-ordua. 06:30.
· Ibilbidea. Auzoeta, Arantzazumendi (726m), Atxurbide (785), Aietsu (973), Areatza (984), Saratsamendi (820), Intsusburu (943), Berrenoa (821), Irumugata (962), Lizarrusti (605), Alleko Lepoa (950), Iraio, Lareoko urtegia (750), Muñoaundi (973), Intsusti (625), Kobaegi, Lasarteko Lepoa, Amundarain (394), Auzoeta.
· Kontrolak. Lizarrusti, Intsusti.
· Anoa guneak. Areatza, Lizarrusti, Intsusti, helmuga.Ibilbide motza
· Distantzia. 21,3 kilometro.
· Denbora. 4,5-5 ordu.
· Desnibel positiboa. 833 metro.
· Irteera-ordua. 08:00.
· Ibilbidea. Auzoeta, Astigarraga, San Gregorio, Portugaina, Urkillaga (510m), Muñoaundi (973), Intsusti, Kobaegi, Lasarteko Lepoa, Amundarain, Auzoeta.
· Kontrolak eta anoa guneak. Urkillaga, Intsusti, helmuga.