Igandean taldearen «bertsio onena» ematera aterako direla esan du Marotiasek
Ampo Ordiziak ligako play off-etako lehen kanporaketa jokatuko du igandean. Altamiran izango da, Ubu Colina Burgosko taldearen kontra. Jokalariak animoz «oso ondo» eta «gogo handiarekin» daudela dio Marotiasek.
Errugbiko Ohorezko mailako liga fase berri batean sartuko da asteburu honetan; liga erregularra amaituta, kopa lortzeko play-offen final laurdenak jokatuko dituzte. Ampo Ordiziak etxekolanak ondo egin ditu eta partida bakarrera jokatuko den bigarren fasearen barruan dago. Igandean, Ubu Colina Burgosko taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak, Altamiran.
Ampo Ordiziaren entrenatzaile taldeak datorren denboraldian ere taldean jarraituko dutela konfirmatu den astean bertan, partida «oso-oso garrantzitsu» bati aurre egin beharko diote, Iñigo Marotiasek adierazi duenez.
Jokalarien animoak «oso ondo» eta «gogo handiarekin» daudela esan du Marotiasek. Urte guztia «gogor lan egin eta gero momentu hau iristeko gogoz» zeuden. Orain «amestea eta ahal dugun urrutien iristea da helburua».
Aurkari zaila
Igandekoa «partida oso gogorra» izango dela aurreratu du ordiziarrak, «talde oso borrokalaria da Ubu Colina, oso indartsua, oso potentea». Altamiran izan ziren azkeneko aldian «gauzak oso zailak jarri zituzten». Etxean egindako partidarik «okerrena» beraien aurka jokatutakoa dela ere esan du.
Zailtasunak zailtasun, talde ordiziarrak « bertsio onena» emateko asmoarekin egingo du salto Altamirako zelaira. Izan ere amesten jarrita, finalarekin amesten du Marotiasek. Momentuz, igandeko neurketari aurre egin beharko diote eta «festa handi bat» izango dela garbi dauka. Lehenengo helburua ligaren fase honetara iristea zen, eta Ordiziara partida handi bat ekartzea. Helburu hori lortuta, garaipena eskuratzea izango da hurrena: «Ez dugu kale egin nahi, itxura ona eman eta gauzak ondo egin nahi ditugu».
Finalerdia Valladoliden
Burgoskoen aurka irabazten badute, hurrengo asteburuan jokatu beharko lukete finalerdia ordiziarrek, Valladoliden, ligako lehenengo silkatuaren kontra, SilverStorm El Salvadorren aurka. Dena den, entrenatzaile taldeak momentuz igande honetan izango duten partidan du burua. 12:00etan da, Altamiran.
Ordizia Rugby Elkarteak deialdi berezia egin du zaletuak Altamirara gerturatu, harmaila goraino bete eta taldeari animoak emateko asmoarekin.