Kale Nagusia, jaietako bihotza
Ganadu Feria jarri dute goizetik eguerdira. Taloez, arkumeaz eta sagardoaz gozatu dute ilaratan txanda zaindu duten legazpiarrek. Familien bazkaria ere egin dute.
Ganadu Feriaren egunean jaien lur eremua murriztu eta Kale Nagusiaren erdia festen epizentroa bilakatu da. Ganadu Feria han jartzen dute, Legazpiko arkumeak han jartzen dituzte burruntzian, han muntatzen dute talotegia Telleriarteko talogileek eta sagardo dastaketa ere han jartzen dute. Halaber, herriko artisauek nork bere postua ipintzen du Kale Nagusian: Makatzako gaztagileak, lore zein landare saltzaileak, Txirbil egur taila elkartekoak, jostunak… Metro koadro gutxi diruditen arren, han biltzen dira festak Ganadu feriaren egunean goizetik eguerdira bitartean.
Atzokoan feriaren barruan omenaldia egin zuten. Ane Beloki bertso kantuan aritu zen mikrofonotik eta jarraian Luxiano Zabaletaren senideak taula gainera deitu zituzten. Hilda da Zabaleta, Urtatzako Egizabal baserrikoa, eta hari aitortza egin zioten udal ordezkariek zein le- gazpiarrek. Lore sorta eta oroigarria Belokiren bertso batekin egindako argazki muntaia jaso zituzten senideek.
Ikusgarria izan zen Gure Esku Dagoko kideek antolatzen duten arkume pintxo banaketak izandako arrakasta. Ilara luzeak sortu zituzten.
Bestelakoan, atzo barrakak merkeagoak izan ziren. Familia bazkaria egin zuten Azokan. Seguruenik legazpiar askok begiak zerura begira eman zuten arratsaldea herri danborrada ateri edo ‘aterki’ joango zen jakiteko.
Gaurko egitaraua:
· 09:00. Goiz Deia txistularien kalejira.
· 09:30. Iruñeko Ezpelur gaita jotzaileen goiz deia.
· 10:30. Mirandaolako Gurutze Santuaren prozesioa.
· 12:00. Olaria saridunaren eta udalbatzako kideen irteera. Ezpatadantza ekitaldia eta sari banaketa.
· 14:00. Larrain dantza Kale Nagusian.
· 16:30. Sputnik goitibehera jaitsierak Santikutz kalean.
· 17:30. Profesional mailako pilota partidak Urbeltz frontoian.
· 19:00. Urolatarrak txaranga.
· 19:30. Zaldi erakusketa Ormazarretaren eskutik Kale Nagusian.
· 23:00. Gure Esku Dago kontzertua: John Dealer&The Coconuts eta Su ta Gar, plazan.