Lazkaomendiko mus txapelketan 1.000 euroko saria izango da
Gaur arratsaldean hasi eta igandera arte ospatuko dituzte festak Lazkaomendin. Bihar pailazoak, auzo afaria eta erromeria izango dira, eta igandean, txirrindulari proba eta herri kirolak.
Lazkaomendin festak ospatuko dituzte. Gaur 18:00etan txupina jaurti Lartxain, eta talo tailerra eta karaokea egingo dituzte. Lazkaon, bestetik, jaien azken ukituak ere gaur emango dituzte. Haurren xake txapelketa (15:00, plazan) eta Kantaka abesbatzaren kantaldia (19:00, San Prudentzio ermitan) izango dira.
Bi egun bete antolatu dituzte Lazkaomendin. Haurrek pilota partidak jokatuko dituzte bihar, 10:15ean. Albitsun (Pipas) puzgarriak egongo dira (12:00-14:00 eta 16:00-18:30 bitarteetan).
Mus txapelketa jokatuko da Lartxai elkartean. Izena 15:30ean eman, eta zozketa 16:00etan eginda hasiko da. Sari mardulak jarri dituzte. Irabazleek 1.000 euro eta txapelak jasoko dituzte, bigarrenek 500 euro eta hirugarrenek 200 euro.
Kanporatutakoek kontsolazio fasea izango dute. Hango lehenak 200 euro eta bigarrenak Lazkaoetxen bi afari dituzte saritan. Partaide guztien artean beste afari bat zozkatuko dute.
Bihar arratsaldean, Pipasen, Potxin eta Patxin (18:30), buruhandiak (20:00), Antsorregi eta Lutxurdio trikitilariak (21:00) eta auzo afaria (Lartxain) izango dira. Gaueko erromeria (23:00) Itxurrenen izango da.
Juniorren lasterketa
Lazkaomendiko 43. txirrindulari proba bihar 16:00etan hasiko da, juniorrentzat. 80 kilometroko lasterketa da. Olaberria (Ihurretik) eta Lazkaomendiko azken igoera dituzte aldapak.
Igandean, ibilaldi neurtua Lazkaotik (08:30), haur jolasak eta dantzariak (11:00), meza (12:30), Sarriegi eta Mendiluze bertsolariak eta Izer eta Alabier trikitilariak (13:00) ariko dira.
Herri kirol erakustaldia arratsaldean (17:30) izango da. Iker Vicente-Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa-Iñaki Azurmendi aizkolariak bikoteka, Inaxio Perurena harri jasotzen, Karmele Gisasola txingudearekin eta harriarekin, eta Irati Astondoa (aizkoran eta txingekin) ariko dira.
Trikitilarien erromeriarekin bukatuko da Lazkaomendiko jaia, 19:00etan.