Lehen sektorea balioan jartzea izango du helburu Euskal Gaztaren Azokak
Artzain eta gaztagileen topagune izango da Idiazabal asteburuan. Mami txapelketa egingo dute bihar arratsaldean. Pedro Katarain eta Maritxu Azaldegi omenduko dituzte.
Gaztazaleek Idiazabalen dute hitzordua asteburuan. Izan ere, asteburuan, Euskal Gaztaren Azoka egingo baidute. Helburua garbia da, artzainen lanaren atzean dagoen guztia babestea eta balioan jartzea. Bi egunetarako egitarau oparoa antolatu dute eta agaur aurkeztu dute Foru Aldundian. Bertan izan dira Ioritz Imaz Idiazabalgo alkatea, Ainhoa Aizpuru diputatua, Maite Cruzado Turismoko Zuzendaria, Asier Arrese HAZIko Zuzendaria eta Naia Andonegi Leartikerreko ordezkaria.
Euskal Gaztaren azoka «denboraldiko lehen azoka» dela gogorarazi du Aizpuruk eta horren bitartez, «artzainen lana babestu eta balioan jartzen» direla. Idiazabal, gaztaren inguruko «topagunea» izango da hurrengo egunetan. Bertan jazoko dena, «gure izaerari eta kulturari lotua dago» eta horregatik lehen sektorea «babestu eta gizarte osoari zabaltzeko aukera ematen» duela erantsi du.
Maite Cruzadok, berari dagokion arloari tira eginez esan du «turismo sailak babestutako ekitaldia» dela eta haien «lerro estrategian sartzen» dela, «lurralde oreka eta iraunkortasuna sustatzen» dituelako. Gainera, Idiazabal gazta, «kanpora begira produktu erakargarria» dela ere esan du.
Orain dela 8 urte Idiazbalekin hasitako elkarlana ekarri du gogora Asier Arresek: «Aurrerapauso nebarmena eman du azokak, egun batetik bi egunekora pasatuta, gaur egungo betekizunetara egokituz, hobekuntza etengabean». Idiazabal, «jatorri izendapenari izena eman dion herria da, gaztaren kultura zabaltzeko helburua hartu duen herria».
Idiazabalen lehen sektoreak duen berebiziko garrantziari azpimarra egin dio Imaz alkateak eta hori da hain zuen ere, azken urteetan Gaztaren Mamia eta Universo Idiazabal proiektuak garatzearen arrazoiak.
Azkenik, Leartikerreko ordezkariaren txanda izan da. Innolact proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu. Orain dela 3 urte abiarazitako proiektua da eta gaur, 09:30etik 14:30era Idiazabalen egingo duten jardunaldi berezian urte hauetan garatu dituzten produktu berezien dastaketa eta aurkezpena egingo dute. «Esneki artisauen lehiakortasuna eta berritzea ditu helburu Innolact proiektuak.
Gazta eta gehiago
Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta iparraldeko artzain gaztagileak izango dira Idiazbalen. Baita European Cheese Router Elkartean dauden hainbat ere. 29 izango dira guztira. Idiazabal jatorri izendapenekoak eta Ossau Iratykoak egongo dira.
Azoka, larunbatean 11:00etan irekiko dute. Produktuen erakusketa eta salmena egingo dute. Mamia egiteko tailerra ere egingo dute. Arratsaldean, nabarmentzekoa da Artzain izan nahi dut esperientzia. Ardiak larrez aldatu, jetzi eta gazta egingo dute. Denentzako irekia den ekintza da. Gainera, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen fasea jokatuko dute 17:00etatik aurrera, Idiazabal gazta eta Euskal Herriko ardoen dastaketa egingo dute eta Esku Harriak: Oteizaren haria ikuskizunaz gozatzeko aukera ere egongo da.
Igandea ere bete-betea etorriko da. Antolatu dituztenen artean ordea eguerdi partean izango dena da nabarmentzekoa. Izan ere omenaldiak eta sari banaketak orduan egingo dituzte. Aurten, Artzeder baserriko Pedro Katarain eta Maritxu Azaldegi omenduko dituzte.