Marisa Sanchez aurkeztuko du PSE-EEk Lazkaon alkategai Maiatzaren 26an
Lazkaoko PSE-EEren ordezkaritzak zerrendaburu berria izango du aurtengo udal hauteskundeetan: Marisa Sanchez. Caravaca de la Cruz herrian (Murtzia, Espainia) jaioa 1979an, hango udaleko zinegotzi izan zen zortzi urtean (1999tik 2007ra).
Lazkaoko Udalbatzan eserleku bat lortzea izango du erronka. Zinegotzi esperientziak «lehen egunetik lanean hasteko» modua ematen diola ziurtatu du. Donostia Ospitalean garbitasun zerbitzuaren arduradun da lanbidez, eta Lazkaon bizi da.
Buru izatea ardura handia dela aitortu du, «baina aprobetxatuko dut aukera». «Besoak zabalik» hartu zuen herria eta biztanleen bizitza hobetzeko lan egingo du, «zor diedala sentitzen dudalako». Herri «anitza» kudeatzeko «aire berria» izan nahi du.













