Gabiriak 648.000 euroko udal aurrekontua du aurtengo urterako
Ostatuan irisigarritasun egokidun sarrera egingo du udalak. Meategietako bide zatiak asfaltatzea da beste inbertsio bat. Aztirian zabor bilgunea egokitu dute
Gabiriako Udalak 648.265,50 euroko udal aurrekontua prestatu du, 2019. urterako. Udalbatzak otsailaren 12ko bilkuran eman zion onespena, eta harrezkero zenbait eginkizun gauzatu ditu. Ostatuko goiko solairura sarbide irisigarria eraikitzea izango da aurtengo inbertsio nagusia. Aurreko ekitalditik dator.
Ostatuzar etxearen atzealdeko eremua prestatu ondoren, igogaiuarentzat egitura eta eskailera independentea eraikiko dute. Lehen fase horrek 103.000 euroko aurrekontua du, eta %55 Europako Leader diru laguntzarekin finantzatuko du udalak. Iaz exekutatu ziren beste 25.000 euroko obrak, eta beste horrenbeste jarriko du aurtengo.
Bigarren fase batean, etorkizunean, igogailua jarri eta solairurako sarbidea egokituko dute. «Ostatua pentsio bezala jartzeko modua izango da, behin sarbidea prestatutakoan. Eskolako haurrek ere jangela goiko solairuan daukate, eta tabernatik bueltan ibili beharrik gabe, zuzenean kanpotik sartu ahalko dira», azaldu du Iñaki Etxezarreta alkateak.
Ohi bezala, aurrekontuaren mardulena pertsonal gastuek eta ohiko gastu zein zerbitzuek eramango dute. Inbertsioen atalean, meategietako bidean «okerren dauden zatiak» asfaltatzeko, 30.000 euro bideratu ditu.
Aztirian zabor bilgunea
Jada eginda dagoena, Aztiriko hondakin biltokia txukuntzeko lana da. Aztiri Erretegiaren atzealdean, hormigoizko 4×4 metroko zorua eman eta egurrezko itxitura batekin egokitu dute. Lehen aparkaleku ertzean zeuden edukiontziak. Ordenatu, eta ingurua txukuntzeko, begi bistatik kendu dira.
Alegian, bestetik, Etxeberri aurreko bidegurutzea berrituko du udalak. Autobus geralekutarako, aterpe berria jartzeko asmoa ere badu, Irizarko errotondatik auzo aldera, bide ertzean.
‘Erraiak’ eta ‘Rita’
Udaberri Kulturalaren egitaraua ari da amaierara arrimatzen. Lehengo larunbatean Leitzako Peruharrira txangoa egin zuten 50 bat lagunek. Iñaki Perurenak erakutsi zizkien harriaren dohainak, eta Leitzan jan zuten.
Datorren asteburua betea izango da. Bihar Erraiak dokumentala emango dute, irrintziari buruzkoa (kultur etxean, 22:00). Ekain Martinez de Lizardui zuzendaria bertan izango da, azalpenak ematen.
Larunbatean, Goruntz taldeko dantzari helduek saioa egingo dute, jaietako emanaldiaren ordezkoa (plazan, 17:00). Igandean, Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza aktoreek Rita antzezlana jokatuko dute (17:00, saloian). Sarrera 5 euro da.
Jubilatuen eguna, bestetik, maiatzaren 19an ospatuko dute Gabirian. Udalak ordaindutako bazkaria Osinalde elkartean da. Izena emateko udaletxera hots egin behar da (943 88 07 34).
Hautagai zerrenda bakarra M-26rako, Oier Oiarbide buru
2015ean bezala, aurtengo udal hauteskundeetarako ere hautagaitza bateratua eta bakarra eratu dute Gabirian. Gabiria Hautesle Elkartearen izenpean, erabateko aldaketa izango da udalean, zazpi zinegotzigaiak lehenengo aldiz aurkeztuko direlako.
Alkategai Oier Oiarbide Murua izango da. Honakook osatuko dute zazpikoa, haren atzetik: Leire Urbieta, Eresti Oiarbide, Ainhoa Arratibel, Aratz Igartzabal, Eñaut Igartzabal eta Juan Ramon Goikoetxea.
PSE-EEk ere atera du Gabirian zerrenda udalerako. Mikel Aingeru Telletxea sindikalista donostiarra da buru.