Goierri Rallyesprinteko 8.170 euro jaso ditu Aspanogik
Martxoaren 16an jokatutako VI. rallyesprintaren diru etekin guztiak eman dizkio Ikullu Racingek haur minbizidunen Gipuzkoako elkarteari.
Aurreko urteetan bezalaxe, Goierri Rallyesprintak utzitako diru irabaziak elkartasun ekinbidera bideratu ditu Ikullu Racing talde antolatzaileak. Aspanogi elkartea da berriz ere onuradun, eta 8.170,33 euro jaso ditu. Emate ekitaldia atzo arratsean egin zuten, Lazkaoko udaletxean.
Martxoaren 16an jokatu zen VI. Goierri Rallyesprinta, Lazkao, Zaldibia eta Gaintzan barrena. Etekina oso-osorik Aspanogiri eman diote. “Diru dexente da, eta oso pozik gaude hori jasotzeagatik. Ez dugu zehaztu oraindik zertan erabiliko dugun, baina bai aurrera dezaket elkartearen helburuetarako izango dela: haur minbizidunen eta haien gurasoen ongizatea goxatzeko. Gaitzaren aurka borrokan ari diren bitartean, ahalik zerbitzu onenak izan ditzaten lortu nahi du Aspanogik”, azaldu du Aspanogiren lehendakari Bittor Andonegik. Lazkaon “enpatia” igartzen duela, eta eskertu egin ditu antolatzaile, laguntzaile, boluntario eta parte-hartzaile guztiak.
Ikullu Racingek Ibai Agirrek rallyesprintaren baloraziotxo bat ere egin du. Lasterketa-eguna ondo joan zen oro har, baina Aitor Baltasarrek eta Ainara Fernandezek izan zuten istripu larriak lausotu zuen. “Aitor oraindik erabat osatu gabe dago, eta animoak bidaltzen dizkiogu, lehenbailehen errekupera dadin”.
Esku artean, ekainerako beste lasterketa mardul bat darabil Ikullu Racingek, Errebueltie eskuderiarekin elkarlanean. I. Goilurrak rallya antolatu dute, ekainaren 1erako. Goierrin eta Urola Kostan izango ditu erlojupeko zatiak rallyak. Maiatzeko azken astean emango dituzte xehetasunak.