Ikaskide bitxia topatu dute Gabiriako eskola-umeek: hontz kumea
Urubi arrunta da aurkitu duten hegazti kumea. Igeldoko Arrano Etxera eraman dute. Baina ornitologoek azaldu dute onena lekuan bertan eta bakean uztea dela. Neurriz txikiak izanagatik, habiatik berehala alde egiten dute, eta helduek gauetan dauden lekuan elikatzen dituzte.
Gaur goizean Gabiriako Balentzategi herri eskolara joan direnean, ezusteko bisitari batekin topo egin dute haurrek eta gurasoek. Hontz kume bat zegoen eskolako sarreran. Lumaje zurizta du, betertz gorrixkak. Kaxa batean sartu dute, eta animalien babeserako erakunde batera bideratuko dute, espezie babestua izan daitekeelakoan.
Mikel Olano basozainak eta ornitologoak baieztatu du urubi arrunt kume bat dela. Babestuta dago, hontz guztiak bezala, galtzeko arriskuan dagoelako. Hontz mota bat da urubia (Strix alaco). Europako kontinente osoan zabaldutako hegazti harraparia da urubia. Ertzaintzari hots egin diote goizean Gabiriatik, eta haiek Igeldoko Arrano Etxea animalien babeserako zentrora eramango dutela agindu dute. Horrelako kasuetan, onena bakean eta dagoen lekuan uztea dela ziurtatu du Olanok, “arriskurik ez baldin badago”.
“Seguru aski, nonbaiteko etxe edo zuhaitz zaharren batean umatuko zuen. Nahiz eta txikiak izan, habiatik alde egiten dute urubiek berehala, eta helduek jana ematen diote dauden lekuan, gauean. Toki askotan azaltzen dira, baina hori beraien prozesu naturala da. Arriskuan ez baldin badaude, bake-bakean uztea da onena. Lurrean baldin badago, gorago igotzea komeni da, katuek edo zakurrek akaba ezin ditzaketen lekura, edo ibilgailuek ez zapaltzeko”, azaldu dio Olanok Goierriko Hitzari.
Iritzi bera eman du Urdaibai Bird Centerreko biologo Edorta Unamunok Euskadi Irratian, gaiari buruz jardun baitira Faktoria saioan. Bere iritziz, egokiena tokian bertan uztea da, gurasoek aurkitu eta elikatuko dutelako. Balentzategi herri eskolako zuzendari Ane Miren Aizpuruk irratian kontatu du lehengo ostiralean ere plazan azaldu zela halako hegazti kume bat. Eliza inguruan, gauetako isilean, hontzen hotsa sarritan entzuten da. “Zorionekoak zuek horrelako hegaztiak herrian bertan edukitzeagatik”, esan du Unamuno biologoak.
Bestetik, fauna basatiaren eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena da. Halako hegazti edo animaliaren bat aurkitzen denean, Basozaintza zerbitzuari hots egin behar zaio, eta basozainek jasotzen dituzte.