Lazkaoko EAJk "etorkizunari begira" eta ikurtzat "kudeaketa gaitasuna" jarrita aurkeztu du hautagaitza
Kepa Zubiarrain alkategaiak eta Markel Olano diputatu nagusitarako hautagaiak M-26an "bi aukeraren artean lehia estua" egongo dela iguriki dute, EH Bilduren "porrota" eta EAJren "arrakasta" kontraposizioan ipiniz.
Lazkaoko EAJk atzo iluntzean aurkeztu zuen udal hauteskundeetarako hautagaitza. 13 hautagai banan-banan aurkeztu zituen Kepa Zubiarrain alkategaiak. Markel Olanok ere parte hartu zuen ekitaldian, eta han ziren Ataungo, Legorretako, Zaldibiako eta Beasaingo zerrendaburu jeltzaleak ere.
EAJk bi eskaintza politikoren artera mugatu du maiatzaren 26ko dema, jeltzaleena eta EH Bildurena. Konparaketa horretan oinarritu dute diskurtsoa Zubiarrainek eta ahaldun nagusitarako hautagai Olanok. “Ibilbide luzea du EAJk Lazkaon, 40 urtetik 36tan izan du udalean ardura, bakarrik edo koalizioan. Egonkortasuna ematen du. Bilduk 2011-2015ean Lazkao lokartu eta gelditu zuen, kudeaketa-esperientzia eta eskarmentu faltagatik eta kanpo-zaratek piztutako eztabaidengatik, hondakinena adibidez”, azaldu du Zubiarrainek.
Emandako hitza betetzen duenaren eta kudeaketa onaren eta “zintzoaren” paradigmatzat aurkeztu dute, aldi berean, EAJ. Askotan errepikatu zuten hitz hori euren diskurtsoetan hautagaiek. “Deskargako adibidea da lehian dauden bi ereduen arteko irudia: Bilduk porrot egin zuen, eta guk arrakastaz ireki dugu autobidea”, azaldu du Olanok. Ezker abertzaleak “estrategiarik ez” duela gehitu du; “apustuak nola egin behar diren garbi duen alderdi bakarra EAJ da”. EH Bildurena “iraganeko” eredutzat jo du, eta EAJrena “etorkizunekoa”.
Proiektuak eta estilo aldaketa
Zubiarrainek, Lazkaon zentratuta, proiektu jakin batzuen aurrerapena eman du. Kanpandegiko industrialdea garatzeko asmoa aurreratu du, SPRIrekin batera. Gurutze auzuneko urbanizazio berritzearekin jarraitu, Arero eta Hiribarren kaleak berritu eta oinezkoei lehentasuna eman, aparkalekuak sortu, plaza parean Elosegi kaleko eremua oinezkoentzat egokitu, eta San Migel elizaren eta San Prudentzio eskola-etxearen artean zubia eraiki. Haurren jolas parke bat estali, eta “meandroko proiektuari berriz heldu” nahiko lioke EAJk. Kiroldegiaren berrikuntzarako exekuzio proiektua eta aurrekontu-hornidura badaudela gogorarazi du, bestetik.
Bestetik, Harizti Handi futbol zelaia eta musika eskola ere aipatu ditu, “beharrak aztertu” behar direla gaineratuz. Bestetik, “identitatea balioan” jarriko dutela agindu du: “euskara bultzatu, kaleko erabilera handitzeko programak abiarazi. Euskaraz bizi ahal izatea lortu behar dugu, baina ez dakitenak errespetatuz”.
Oro har, “lana, kudeaketa, akordioa eta errespetua” dira EAJren Lazkaorako terminoak. “Inor ez dadila geratu etxean, asko dugu jokoan”, esan du Zubiarrainek.
Olanok, “koinatuaren populismoari” aurre egin behar zaiola ohartarazi du. “Tartean, politikari guztiak berdinak diren kontuari. Herrigintzan sartu gara gu, konpromisoa barrutik datorkigu, gure herria maite dugulako eta herri honengan sinisten dugulako”. EAJren “kudeaketa gaitasuna” nabarmenduz, arlo ekonomikoan azken lau urteetan, urtero 50na milioi euro bideratu, eta “etorkizuneko sektoreak” definitu dituztela aldunditik gaineratu du.
EAJn politika egiteko estiloa eta modua aldatu dituztela azaldu du: “Gauzak egingo ditugula agintzea eta gero egitea ez da jada nahikoa. Jarrera politikoa aldatu beharra dago, jendeak politikarienganako duen mesfidantza gainditzeko”. ‘Etorkizuna eraikiz’ estrategia jarri du horren adibidetzat, eta enpresekin kooperatzea eta gizartearekin batera proba-esperientziak martxan jartzea jarreratzat.