Hego haizea eta goiz epela maiatza hasieran
Udaberriko zizak eta landareak izan dira maiatzeko lehen feriako produktu izarrak; ez dituzte erosleak faltan izan. Azkoitiko tomateak ekartzen hasi da Jose Mari Uzin.
A steleheneko eta astearteko goizak hotzak izan ziren, izotza ere egin zuen tokika eta atzo, berriz, 18-21 gradu izan ziren Ordizian feria ordutan, harritzeko moduko aldaketa. Haize zakar xamarra bazebilen ere, goiz pasarako atsegina.
Eta garaian garaikoek izan zuten arrakasta handiena, udaberriko zizak eta landareak, hain zuzen Zizei dagokienez, kopuru handiena Mikel Lasaren eta Garbiñe Barandiaranen postuetan saldu zen, 150 kiko guztira, 15-48 euro artean kiloa. Hemengo kilo bat ere bazuen Axun Etxeberriak, berak bildua, 48 euroan.
Lehen tomatea, ohiko moduan, Azkoitiko Kurutziagako Joxe Mari Uzin Gonzalezek ekarri zuen, Jack motakoa; «aurten udaberriak lagundu egin du eta oso tomate ederra dago» zioen. Propio prestatutako negutegietakoa, pantaila termikoaren bidez tenperaturaren gorabeherak kontrolatzen dituzte. Aire librekoa, oraintxe hasi da jendea landareak erosten; izan ere, eguraldiak ziurtasuna eman arte itxoitea komeni, eta maiatza erdira hurbiltzen ari garenez, atzo landare postuetan jende asko zebilen.
Loretan, surfinia (2,5€) hiru koloretakoak eta dragoi begonia (3,5€) orain artekoei erantsi, eta ohikoenen saila ia bete da.
Barazkiak puri-purian
Udaberriko eta hemengo barazkien zerrendan, brokolia (2€/burua) da azpimarratzekoa. «Ia urte guztian izan daiteke brokolia, baina sarri-sarri landatu behar da, hamabostetik behin edo aritzen naiz ni», adierazi zigun Juanita Murgiondo mutiloarrak. Borrajak, (1€/sorta) momentu berean ikus daitezke baratzean berriak hartzeko puntuan, eta zaharrak loretan; erleek oso gustuko duten lore hau jangarria ere bada, hemen ohitura handirik ez izan arren. Zerbak edo azelgak, berriz, oraintxe salgai eta oso hosto ederrekoak daude, zuri gunea ere eder eta mardula dutela, penka ederrak egiteko aproposa; beste batzuk ia garatzeko puntuan ikus daitezke baratzetan.
Ilarrak (10-12€/kiloa), babak (3-4€/kiloa), patatak (2-3€/kiloa), udaberriko azak (1-2€/burua), tipula berriak eta baratxuri freskoak osatzen dute azken asteetako produktu berrien aukera.