Fits taldeak disko berria aurkeztuko du bihar gauean gaztetxean
Urretxuko eta Zumarragako taldearen laugarren diskoa da. 'Zaurgarriari' da disko berriaren izenburua. Kontzertua KKinzona egunaren barne antolatu dute
Urretxuko eta Zumarragako Fits taldeak Zaurgarriari diskoa argitaratu du. Bihar aurkeztuko du, Kkinzona egunean. Kontzertua 23:00etan izango da, gaztetxean.
Enrike Agirrek (ahotsa), Aitor Urteagak (baxua), Joseba Laskurainek (gitarra), Edu Bilbaok (gitarra) eta Xabi Lasak (bateria) osatzen dute Fits. Bilbao «eszedentzian» dago, baina diskoaren ekoizpenean parte hartu du. Herriko talde beteranoena da: 23 urte daramatzate jada elkarrekin, hasieran Marrubi Sound izenarekin eta egun Fits bezala.
Agirre, Bilbao, Lasa eta Urteaga kuadrillakoak dira. Laskurain bergararra da eta gero elkartu zitzaien. Urteaga eta bera Josi Labajosen ikasleak izan ziren, eta zumarragarrak beraiekin jotzera gonbidatu zuen. «Ordurako kontzertu pare bat egin genituen eta beste gitarra bat behar genuela nabaritu genuen. Gure kontzertu bat ikustera etorri zen eta baiezkoa eman zigun. Ez dut ulertzen, oso kontzertu txarra izan baitzen. Berarekin egin genuen lehen kontzertua Gaztelekun izan zen», oroitzen du Urteagak. «Berak guk baino musika ikasketa gehiago ditu eta taldeari asko ematen dio».
Etenaldia
Seme-alabak eduki zituztenean, geldialdia egin zuten. «Enrike izan zen lehena. Gazteszenako kontzertu batean izan zen. Muntatzen ari ginela, Enrikek deitu zigun: kirofanoan zeudela eta ezin zela kontzertura etorri».
Etenaldi luze baten ondoren, 2016an, itzultzea erabaki zuten. Dena den, gainontzeko taldeentzat bezala, aurrera egitea ez da batere erraza izan: entseatzeko komeriak lan ordutegi ezberdinak zituztelako, taxuzko entsegu lokalik ez… «Itzuli ginenean, Sarralden entseatzen genuen. Zaparrada baten ondoren ura sartu zen eta udalak lokalak itxi zituen. Antzuolara joan ginen entseatzera, Kobrazulo taldekoen eskutik. Egun, Sarraldeko lokal berrietan gaude. Ezagutu dugunaren aldean, hau luxu hutsa da: autoa barruraino sartu dezakegu kargatzeko eta deskargatzeko, segurtasun neurriak ditugu, komunak, udaleko langileak garbiketaz arduratzen dira… Gazte batzuei edukiontzi baten barruan entseatzea ez zaie duina iruditzen, baina guri Champions League-a jokatzen ari garela iruditzen zaigu. Jan dugun kaka guztiarekin…».
Disko berria
Urtean lauzpabost kontzertu egiten dituzte. «Lasai hartzen dugu: entseatzen gozatu, abestiak egin…». Aurreko diskoa 2001ean argitaratu zuten eta errepertorioa berritzea erabaki dute. «Talde batek abesti berriak behar ditu bizirauteko. Abesti berriak egin ditugunez, grabatzea erabaki dugu. Zalantza eduki genuen, ez baitakigu gaur egun zentzu handirik duen disko bat grabatzeak, baina guretzat garrantzitsua da, adibidez, abestien hitzak inprimatzea».
Diskoak bost kanta ditu eta Tolosako Bonberenea estudioan grabatu dute, Karlos Osinaga Txap Lisabö taldeko abeslari eta gitarristarekin. Diskoa larunbatean aurkeztuko dute eta oso pozik daude. Lehenengoz joko dute gaztetxe berrian. Diskoa salgai egongo da, noski.
Zaleek betiko Fits aurkituko dute. «Gure estiloa mantendu dugu. Pop musika egin nahi duten punki batzuk gara. Talde ezberdinen keinuak ditugu. Beharbada ohi baino gitarra gehiago sartu dugu, Txapek Joseba estu-estu hartu baitu. Sendotasuna nabari da», azaldu du Lasak. «Zuzeneko batean bezala grabatu nahi genuen eta hala egin dugu. Guk egiten dugun musikak zuzeneko puntu horrekin irabazi egiten duela uste dugu. Fidelagoa da. Freskoagoa», gehitu du Urteagak.
Giroarekin asko jokatzen dute: abesti asko gozo hasten dituzte eta zaratatsu amaitu. «Soinu indartsua dugu eta oso birtuosoak ez garenez, intentsitatearekin jokatu beharra dugu. Betidanik, Pixies eta Sonic Youth-en antza dugula esan digute, baina horregatik besterik ez da».
Hitzei musikari bezainbesteko garrantzia ematen diete. Hitz gehienak beraienak dira, baina kanta baterako Julen Garralda urretxuarraren poema bat erabili dute. «Kanta guztiek zauriekin lotura zuzena dute: zauriak egitea edo jasatea. Horregatik jarri diogu Zaurgarriari izena diskoari: hitz horrek zauria egiten duena eta zauria jasaten duena esan nahi duelako. Abesti guztietan zauria, mina, beldurra… ageri dira. Hori ohikoa izan da gure ibilbidean. Ez gara orain aldatuko. Letra positiboak espero dituenak, jai du. Letrak lehen entzunaldian harrapatzea zaila da. Enrikek meritu handia du», diote bere taldekideek.
Guztiek dute meritua. Izan ere, oso gutxi dira 23 urte betetzen dituzten taldeak. «Lehengoan Gari eta Josu Zabala elkarrizketatu zituzten ETB1eko Ur handitan saiorako. Zabalak taulara igotzen zarenean arazo guztiak desagertzen direla eta jaisten zarenean denak bueltatzen direla esan zuen. Nire ustez, hor dago gakoa», aipatu du Lasak.
Lagun talde bat
Urteagak lagun talde bat direla azpimarratu du. «Ez dugu inongo pretentsiorik eta beti ondo pasa dugu. Taldean oso giro ona dugu. Ondo pasatzeko jotzen dugu, abesti berriak egitea gustuko dugu, lokalera etortzea terapia egitea bezala da, lokaletik erlaxatuta irteten gara… Helburu handirik ez dugunez, ez dago tentsiorik gure artean. Besteen bizitza asko errespetatzen dugu eta norbaitek arazoren bat badu, horri buruz hitz egiten dugu eta kito. Taldeetan batek tira eta besteak paso egiten duenean sortzen dira arazoak. Taldekideek helburu ezberdinak dituztenean», dio Urteagak. «Taldeak oso erantzun ona jasotzen duenean, espektatiba ezberdinak sortzen ditu», gehitu du Lasak.
Urteagak taldekideen arteko harremana bikote harremanekin konparatu du. «Hiri Galduak taldean ere jotzen dut eta Josu Calvok talde bati horrenbeste urtetan eusteko zer egin behar den galdetzen dit. Emaztearekin ere 21 daramatzat! Hau ere harreman bat da, oso garrantzitsua nire bizitzan», azaldu du. «Bakoitzak afizio bat du eta gurea hau da. Afizio ederra da», amaitu du Lasak.
Lasaren bateria, Simple Minds-en bideoklipean
23 urte asko dira eta anekdota asko dituzte kontatzeko. Horra hor bat. 1990eko hamarkada amaieran Xabi Lasak bateria bat erosi zuen eta handik gutxira saltzaileak oso urduri deitu zion. Bere bateria behar zuela esan zion. Alokairua ordainduko ziola. Lasa txundituta gelditu zen. Simple Minds talde eskoziarrak Pearl markako eta titanio koloreko bateria bat nahi zuen Guggenheim-en grabatu behar zuen bideo kliperako (‘Glitterball’) eta inguruko dendetan ez zen halakorik gelditzen. Ezaugarri horiek zituen bateria erosi zuen azkena nor izan zen begiratu zuten, eta Lasarengana jo zuten.