Legazpiko beste aldean paradisu txiki bat dago
Aurki, hura ikusi nahi duen ororentzat ate irekien eguna egingo dute. Sektoreko profesionalei zuzendutako jardunaldia egiteko asmoa ere badute. Zazpi apartamentu ditu hotelak, artean hiru ireki dituzte.
Aztirira doan bidearen hasieran egin dugu hitzordua Jo-xe Blas Egañarekin (Legazpi, 1966). Aurretik doan autoan gidatu gaitu Bergaretxe apartamentu hoteleraino. Egaña anai-arrebak Garbiñe Egaña (Legazpi, 1964) eta Fermin Gartxintorena (Berroeta, Nafarroa, 1967) dira Brinkola auzoan ireki berri duten paradisu txikiaren sortzaileak. Autoan goaz eta bide luzetik garamatza hotela eraiki baino lehen, espazioaren sorkuntzan egindako lehenengo urratsaren emaitza erakusteko. Emaitza hori urki eta gereziondo basoa da.
Eraikin baten lanak hastera doazela adierazteko lehenengo harria jarri ohi da; Bergaretxekoek, aldiz, sastrakak garbitu eta basoa sortu zuten. Joxean Artzek bi punturen arteko biderik laburrena biderik ederrena dela zioen. Basoa bistaratzean hitzok zentzuz betetzen dira. Etxe bueltan Asier Galdos paisajista legazpiarrak sortutako lorategi soila. Atarian Gartxintorena dago eta harekin Mendi, artzain zakur zaindaria.
Bergaretxe berriaren ipuina neguko egun zuri batean hasi zen, «elurtea bota zuen eta argazki kamerarekin elurretara joan ginen Fermin eta biok. Teilatua erdi erorita zuen baserria ikusi genuen, Bergaretxe zen», kontatu du Joxe Egañak. Gartxintorena bikotekideak gehitu duenez, «konturatzerako, Joxe hari buruz galdetzen hasia zen». Aurretik behin edo behin agroturismo bat izatea ederra litzatekeela pentsatu zutela diote, «amets moduan».
Bergaretxe apartamentu hotela ez da jada ametsa. Egin dute. Zazpi apartamentu sortu dituzte, Egañak dioen bezala, «Legazpiren beste aldean». Aizkorriren magalean, naturak dena ematen duen gunean dago hotela. Apartamentu bakoitzak sukaldea eta behar izan guztiak asetzeko den-denak ditu, ederki jarrita. Momentuz hiru zabaldu dituzte.
2009an erosi zuten. «Sastraka kendu eta basoa landatu genuen. Norbaitek esan lezake alderantziz egin behar genuela, baina denborak asmatu genuela erakutsi digu», dio Gartxintorenak. Eraikuntzarekin 2015ean hasi ziren. Eraikin modernoa da. Erosi zutenean, Bergaretxe zarama biltegi bihurtuta zegoen.
Zarama hura guztia atera zuten eta baserriaren jatorrizko egituratik gordetzeko ezer gutxi zegoela diote, «soilik harria». Harria gorde zuten; eraikinaren azpiko aldean ikus daiteke. Bestelakoan atentzioa ematen dute bereziki eraikinaren leiho handiek eta zabalek. «Egungo materialekin leiho handiak egiteko aukera izan dugu etxearen hezetasunari eta berotasunari eragin gabe», dio Egañak. Biomasa galdara instalatu dute. Eraikinaren koloreek ingurunearekin bat egiten dutela ere azpimarratu dute.
Nolanahi ere, Bergaretxe hotela bihurtzeko asmoarekin erosi bazuten ere, mantso-mantso joateko asmoa zuten; bi etxebizitza egokitu eta apartamentuak denboraz egin. «Jone Azpeitia udaletxeko nekazaritza teknikariari esker diru laguntzen berri izan genuen eta hark hauspotu zuen proiektua», dio Egañak eta diru laguntzek «presak eta epeak ekarri dituzte» erantsi du Gartxintorenak. Prozesua bizkor joan da eta buruko minak ere izan dira tartean. Azken aroa azkar joan da eta «konturatzerako irekita zegoen», diote.
Ofizialki zabaldu aurretik, Legazpiko herriguneko etxe bat erre zen eta bertako bizilagunak hartu zituzten udalak eskatuta. Aste Santuan zabaldu zuten eta Bizkaitik zein Holandatik bezeroak iritsi ziren. Orain, teknologia berriekin borrokan dabiltza, ikasten, baina paradisutxo bat sortu dutenaren jakitun izateak irribarrea ateratzen die.