Musika notak sendagai
Gurutz Linazasoro neurologoak musikaren eta garunaren arteko harremana azalduko du gaur, Ordiziako Musika Eskolan. "Musikak garuna estimulatzen du; onurak eragiten ditu".
Musikak zuzenean eragiten du norberaren emozioetan, eta, ondorioz, hizkuntza unibertsala da”. Gurutz Linazasoro neurologoak ez dauka zalantzarik. Ez dago erritmorik ez duen kulturarik, eta ospakizun guztiek dute melodiaren bat; are gehiago, gizakiak hizketan ere ez zekien garairako bazituzten hezurrez egindako txirula itxurako instrumentuak; musika betidanik izan da gizakiaren bidelagun, baina adituak orain gutxi hasi dira frogatzen zer onura eragin ditzakeen musikak. Linazasorok aurrerapen horiek azalduko ditu gaur, 19:00etan, Ordiziako Musika Eskolan.
“Askotariko gaiak jorratuko ditugu”, azaldu du neurologoak. “Ikasiko dugu garunak nola bilakatzen dituen soinu uhinak sinfonia; musikari baten garunaren berezitasunak ikusiko ditugu; aztertuko dugu nola arindu daitezkeen gaixotasun neurodegeneratiboak musikaren bidez…”. Neurologoak baieztatu du musikak “mirariak” egin ditzakeela garunean.
Linazasorok Alzheimerren gaitza jarri du adibide gisa. Alzheimerrak kalte egiten die garuneko zelulei, eta gaixoak arazo kognitiboak pairatzen ditu kaltetze prozesu horren ondorioz; besteak beste, memoria galera, orientatzeko zailtasuna eta hizketarako ezintasuna. “Melodiak ezagutzeko gaitasuna izaten da garunaren atrofia prozesu horretan galtzen den azken prozesu kognitiboetako bat. Musika entzuten duten pazienteek aktiboago izaten dute garuna, eta emozioak arinagoak izaten dira”. Halaber, adituek ikusi dute alzheimerra dutenak musikaren bitartez “gauza berriak ikasteko gai” direla, pixkanaka memoria galtzen duten arren.
Amusia duten gaixoek, ordea, zailtasunak izaten dituzte musika doinuak prozesatzeko —musikarekin loturiko nahasmendu bat da amusia—. “Musikaren eta garunaren arteko harremana aldebikoa da: musikak burmuin osasuntsu bat izaten laguntzen digu, baina garunak behar bezala funtzionatu behar du soinu uhinak prozesatu ahal izateko”, argitu du Linazasorok.
Jaiotzatik eduki daiteke amusia, edo gerta liteke burmuineko kalte baten ondorioz agertzea. “Musika oso terapia ona da estresak eta antsietateak eragindako arazoei aurre egiteko. Amusiak, zuzenean, ez du eragiten halakorik, baina gaixo horiek musika prozesatzeko ezintasunak izaten dituztenez, antsietatearekin eta estresarekin lotura duten arazoak izan ditzakete”.
“Beti ari gara garuna estimulatzen: konposatzean,
instrumentu bat jasotzean, musika entzutean…”“Musika entzuten duten pazienteek aktiboago izaten dute
garuna, eta emozioak arinagoak izaten dira”.Gurutz Linazasoro (Neurologoa)
Neurologoak dio musika estilo guztiak direla “balekoak”; alde horretatik, Linazasorok ez du birritan pentsatu musika generoren bat besteak baino egokiagoa den galdetuta. “Halere, jakin egin behar da gure gorputzak zer musika estilo eskatzen digun”, zehaztu du.
“Nork ez du jarri inoiz abesti tristeren bat animoz triste egon arren?”, galdetu du azalpenari ekiteko. “Funtsean, musika arte bat da, eta emozioak astintzeko eta hunkitzeko ahalmena du”. Adituak gaineratu du musikaren bidez “unean uneko egoera emozionala” azpimarratu nahi izaten dela. “Batzuetan, behar baino gehiago sakondu dezake tristura, baina alaitu ere egin gaitezke, erlaxatu, piztu… Mundu bat da musika, eta, horregatik, ezin da esan musika estilo bat egokia denik eta beste bat ez”.
Genero jakin bat ez
Musika klasikoa genero jasotzat hartzen denez, oso zabalduta dago pentsatzea osasungarriagoa dela. “Mozart efektua deitzen zaio horri. Duela urte batzuk zabaldu zen musika klasikoa entzuteak kontzentrazioa eta ikasteko gaitasuna hobetzen dituela, baina sekula ez da frogatu”, azaldu du Linazasorok. “Musika eta neurologia munduan ere badira mitoak, eta ez da zuzena esatea musika genero bat entzuteagatik adimentsuagoa zarela”.
Musikak garunean sortzen duen estimulazioa da garrantzitsuena neurologoarentzat. “Musikak, bere forma guztietan, estimulatu egiten du garuna, eta hortik sortzen dira onurak”. Hala, Linazasorok azaldu du musika instrumentuak jotzea ere onuragarria dela, baina azpimarratu du jarduera desberdin bat dela. “Beti ari gara garuna estimulatzen: konposatzean, instrumenturen bat jotzean, musika entzutean…”. Gehitu du ez dagoela alde handirik musika zuzenean entzun edo grabatuta entzun: “Testuingurua erabat desberdina da. Normalean, lagun artean joaten gara kontzertuetara, eta beste aldarte bat izaten dugu. Ondorioz, garuna beste era batean estimulatzen da, baina bi kasuetan lortzen dira onurak”.
Musikari esker, gorputzak dopamina askatzen du, jatearen plazerarekin eta sexuarekin gertatzen den bezalaxe. Dopaminak eragin zuzena izaten du umorean, logalean eta jarrera kognitiboan.