Udalgintzako helmugara, abian
Udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina hasi da, sistema demokratikoko 11.a. Goierriko 22 herri gidatzeko asmoan 68 hautagaitza-zerrenda daude aukeran
Bart gauerdian lehertu da 2019ko udal eta foru hauteskundeen hasierako txupina. Maiatzaren 26ra bitartean, 15 eguneko kanpaina garatuko da. Herritarrengandik gertuen dagoen erakundea udala izanda, hautesleen arreta bereganatuko du. 2015ean %67,46ko parte-hartzea izan zen udal bozetan.
Ezusteko handirik ez da suertatu Goierrin, hauteskunde aldiaren orain artekoan: udalerri guztietan osatu eta aurkeztu dituzte bertako hautagaitzak, eta alde horretatik udal martxaren jarraipena ziurtatu dute denek. Itsason ezingo dituzte hauteskundeak egin; Kudeaketa Batzordearen formularekin gobernatuko dute udalerria, 2023 arte.
Hautagaitza gehien PSE-EEk aurkeztu ditu Goierrin: 17 zerrenda. Herriz eta eskualdez kanpoko hautagaiak, gehienak. Bitxitasun modura, Elkarrekin Podemosek Ormaiztegin atera duen zerrenda, «udalean bi alderdi politiko baino gehiago egotearen beharra ikusita», lehen aldiz aurkeztua. Monika Monteagudo legazpiarra da buru.
Aulki Zuriak mugimenduak ere lehen aldiz presentzia izango du. Urretxun izango da. 2010ean Badalonan (Katalunia) sortua, protesta-botoa eskatzen dute, eta zizeiluak hutsik utziko dituzte, «edozein soldatari muzin eginda».
Altzagan eta Araman, bina talde aurkezteko dinamikari eutsi diote. Ezkion, Gabirian, Gaintzan eta Mutiloan bertako hautagaitza bakarra egongo da.
Hirutik bi, lehenengo aldiz
Jarleku kopuruan ez da azken bozetatik alde handirik izango. Ordizia, 10.000 bizilaguneko muga gainditu duenez, 13 zinegotziko udalbatza izatetik 17kora igaroko da. Mutiloak eta Zerainek ere zerrenda itxien sistemari eutsi diote, 7nako mahaiekin.
Berritasun handiena, alkategaien izenetan dator. Gaur egun 45 hautagaitzak daukate ordezkaritza Goierriko udaletan. Horietatik 30ek alkategaia aldatuko dute, eta zerrendaburu lehenengo aldiz diren hautagaiak jarri dituzte, nahiz eta batzuk zinegotzi karguan arituak diren.
Udalaren buru nagusi eta erreferentziazko pertsona izateko, gizonezkoen alde lerratzen segitzen dute hautagaitzek. %35 dira lehenengo doazen emakumeak. Legorretan eta Seguran, hiruna alkategaiak emakumezkoak dira; Gaintzako bakarra ere bai.
Udal hauteskundeetan 51.977 goierritarrek eman ahalko dute botoa, duela lau urte baino 760 gutxiagok. 208 eserleku izendatuko dituzte: 250 pertsonako zizeilu bat, batez beste.
Birformulaketak
Ataunen, 1995etik 2015era aurkeztu izan den Herrigintza taldeak agur esan du. Zaldibian Herrigintzan hautesle taldea ere ez da aurkeztuko. Bi herrietan, EAJ bere siglekin joango da: Ataunen 1991tik lehen aldiz, eta Zaldibian aro demokratikoko 40 urteotan aurreneko aldiz.
Gaur egun, EH Bilduk sei alkatetza dauzka Goierrin, EAJk bost eta PSE-EEk bat. Herrietako hautes taldeek gobernatzen dute beste 11 udalerritan.
Alderdiak herrietan:
· PSE-EE (17). Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Olaberria, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zumarraga.
· EH Bildu (16). Ataun, Beasain, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zumarraga.
· EAJ (11). Ataun, Beasain, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zumarraga.
Elkarrekin Podemos (5). Legazpi, Ordizia, Ormaiztegi, Urretxu, Zumarraga.
· PP (5). Beasain, Legazpi, Ordizia, Urretxu, Zumarraga.
· Besterik: Aulki Zuriak (1). Urretxu.
· Udal hautesle elkarteak (13). Altzaga (2), Arama (2), Ezkio, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Mutiloa, Olaberria, Ormaiztegi, Zegama, Zerain.Datuak:
806 izen. Goierriko 22 udalerrietan denera 806 lagun daude zerrendetan, titularrak eta ordezkoak batuta.
Alkategaiak. Aurkeztutako 68 hautagaitzetan, alkategai 44 gizonezkoak dira eta 24 emakumezkoak (%35,3). 30 alkategai berriak dira zerrendaburu gisa.
Errolda. Guztira 51.977 goierritarrek daukate boto-eskubidea udal eta foru hauteskundeetan.208 zinegotzi. Maiatzaren 26an Goierrin 208 zinegotzi aukeratuko dira, 22 udaletarako. Itsason, beste bost kudeatzaile izendatuko dira.
68 zerrenda. Sei alderdi nagusik atera dituzte zerrendak: PSE-EEk 17, EH Bilduk 16, EAJk 11, Elkarrekin Podemosek 5, PPk 5 eta Aulki Zuriek 1. Herrietako hautesle taldeak 13 dira. 2015-2019an ordezkaritza 45 taldek daukate.