Herri Kandidaturak dio "udala herritarren esku" jarri eta "hitza zeraindarrei" eman behar zaiela
Zeraingo Herri Kandidatura udal hauteskundeetan izango da "gatazka eta zatiketa egoera konpondu" eta "udala herritarren esku" jarri eta "hitza zeraindarrei" emateko asmoa agertu dute.
Zeraingo Herri Kandidaturako maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagaitza eta helburuak aurkeztu ditu, plazako artearen azpian egindako ekitaldian. Zerrenda osatzen duten pertsonak baino “askoz garrantzitsuagoa da proposamena, proiektua bera”, plataformako kideen esanetan. Izan ere, “herritarren esku udala jarri, hitza zeraindarrei eman eta herritar guztiak herri-ordezkari gisa” ikusten dituzte. Hala, bederatzi izeneko hautagaitzaz haratago, “zerrenda horrekin batera lan egiteko izena emanda” dauden 30 herritarretik gorako taldea agertu da argazkirako. “Gatazka eta zatiketa egoera konpondu eta denok hobeto bizitzeko aukera izango dugun Zerain egiteko proposamena eta konpromisoa da”.
Kandidaturako kideen ustez, duela lau urte EH Bildu hauteskundeetara aurkeztu izanak, “ordura arteko herri funtzionamenduarekin eta adostasunarekin haustea” ekarri zuen. Herri kandidaturak hauteskundeetan parterik ez hartzea erabaki zuen, baina lau urtean “Zerainen alde lanean” jardun dutela gogorarazi dute, “sistema instituzionaletik eta udaletik kanpo, inoren kontra joan gabe eta beti Zerainen eta zeraindarron ongizatea” lehenetsita.
Zeraingo egoera ez dela normala aitortu dute, “gatazka, zatiketa, proiektu nagusiekiko adostasun falta, pertsonen arteko urruntzeak eta elkarbizitza arazoak” agerikoak baitira. Urteotan egoera konpontzeko “hainbat eta hainbat saiakera” egin dituztela azaldu dute, baina “zoritxarrez ez da posible izan”. Hala, azken hilabeteetan egindako “prozesu eta eztabaida ireki, plural eta parte hartzailearen ondoren”, Zeraingo Herri Kandidatura udal hauteskundeetara aurkeztea erabaki dute. Helburu nagusia “gatazka eta zatiketa egoera” gainditzea izango dute, herritar guztiak “normaltasunez eta ondo” biziko diren Zerain bat lortzeko.
Herri antolakuntza berria
Herri Kandidaturak irudikatzen duen herrian, “zeraindar denok dugu lekua”, eta baita herriko kontuetan “parte hartzeko eskubidea eta ardura” ere. Gazteek bertan gelditzeko aukera, eskola indartsu eta bizia, artzain eta baserritarrentzako erraztasunak, euskaraz bizi den herria, kanpokoekiko abegikorra, ondare kulturalarekiko babesa, turismo proiektu jasangarria eta naturarekin orekan bizi dena irudikatzen dute; herri bizia, azken batean. Hori guztia lortzeko, “herritar guztion lan egiteko konpromisoa eta zeraindarrengan konfiantza osoa” agertu dituzte. Eta hiru poropsamen nagusi egin dituzte, datozen urteetarako:
- Herri antolakuntza sistema berria martxan jartzea: ‘Aterpea denon aterpea’ dinamikan aurkeztutako herriko gobernantza eta funtzionamendu sistema berria martxan jartzea. “Zeraindar denok aukera, eskubide eta betebehar berdinak edukiko ditugu herriko erabakietan; herritar guztiak izango gara hautetsi eta ‘alkate’. Herri bilera izango litzateke proposatzen duten sistema horren organo gorena; lan taldeak erabakitzaileak izango lirateke, eta azken hitza herritarrek izango lukete.
- Herri programa herritarrek erabakitzea: Uztailetik abendura bitartean, herritarrek datozen urteetako Zerain nolakoa nahi duten erabakitzeko “prozesu zabal, parte hartzaile eta erabakiorra” egitea proposatu dute. Hausnarketa kolektibo horretatik aterako dira 2030era begirako herriko gidalerriak, eta baita datozen lau urteetarako herri programa ere.
- Herria batzeko bidea lantzea: Herriko zatiketa eta gatazka konpontzea eta Zerain bateratzen joatea lehentasun nagusi moduan ikusten dute. Horretarako, “gobernantza sistema parte hartzaile eta berdintzailea” ezartzeaz gain, “elkarbizitza hobetzeko lan-ildo bat martxan” jartzea proposatu dute. Lan talde bat sortuko dute eta hitz egiteko espazioak sortuko dira, konfiantza berreraiki eta bizikidetza indartzeko.